NAIZ

Next Generation funtsei buruzko batzorde parte-hartzailea eskatu dio EH Bilduk Bilboko Udalari

Bilboko EH Bilduk Next Generation Funtsen inguruan proposamenak adosteko, lehentasunak ezartzeko eta Bilboko Udalak hauta ditzakeen funtsen jarraipena egiteko batzorde parte-hartzaile bat osatzea eskatu dio Udal Gobenuari.

Jone Goirizelaia Bilboko EH Bilduko bozeramailea.
Jone Goirizelaia Bilboko EH Bilduko bozeramailea. (EH Bildu)

Next Generation susperraldi planaren funtsen jarraipena egiteko, gobernantza bateratua eta gardentasuna bermatzeko batzorde parte-hartzailea sortzeko eskatu du Bilboko EH Bilduk mozio baten bidez, eta Udaleko otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.

Jone Goirizelaiak, EH Bildu udal taldeko bozeramaileak, azaldu duenez, Europatik datozen laguntza horiek, «neurri handi batean, Bilbok lortu nahi duen hiri-eredua baldintzatu dezakete, ez bakarrik agintaldi baterako, baita hurrengo hamarkadarako ere». Beraz, haren ustez, «ezinbestekoa» da proiektu batzuen edo besteen finantzaketa «etorkizuneko ikuspegiarekin definitzea, berehalakotasuna eta ikuspegi partzialak gaindituz».

Horregaitik, Goirizelaiak plan honek «talde guztion elkarlana eta kogobernantza-lana» behar duela azpimarratu du, proposamenak eztabaidatzeko eta hartu beharreko neurriak adosteko. Gainera, berarentzat, eskatutako batzorde horrek «aukera eman behar du hautatutako eta finantzatutako proiektuen jarraipena egiteko eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen diren gizarte-eragileen ordezkaritza eta lankidetza» izatea.

Bozeramaileak, bestalde, funtsen eztabaida «haratago» joan behar dela adierazi du: «Ez da Udal Gobernu kideen artekoa izan behar». Europako funtsen ezarpenari buruzko lana «gardentasunean eta partaidetzazko gobernantzan oinarritu behar da, Bilbao Plan Aurreraren gobernantza-ereduaren esperientziaren antzera; plan hori elkarlanean oinarritzen baitzen, salbuespenezko egoera bati erantzuteko», nabarmendu du.

Funtsean, Udal erakundeetako zuzendaritza-kontseiluetaz gain, beste eragile batzuk kontuan hartzen dituen «espazio iraunkor» bat sortzea «beharrezkoa» ikusten du EH Bilduk Bilbon, susperraldi planaren funtsen erabilera «ikuspegi global eta orekatu batekin egitea helburu izango duena».