Ane Urkiri

Atletico Madrilek Osasunaren bolada ona eten du aukera bakoitza ondo baliatu duelako (0-3)

Gorritxoen bolada ona larunbat arratsalde honetan bukatu da. Joao Felixek, partida hasieran, eta Luis Suarezek, bigarren zatia hasi eta berehala, eginiko golekin garaipena ederki bideratu du Cholo Simeoneren taldeak. Angel Correak, 89. minutuan, partida borobildu du. 

Manu Sanchez hasieratik aritu da baina bigarren zatian, minduta, Cotek ordezkatu du.
Manu Sanchez hasieratik aritu da baina bigarren zatian, minduta, Cotek ordezkatu du. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Minduta zetorren Atletico Madril Sadarrera. Levanteren aurka astean galdu ostean, agerian geratu zen Cholo Simeoneren aro loriatsua bere bukaerara iristen ari dela. Irregulartasuna nagusi da Madrilgo taldean baina horrelako arerioak, are arriskutsuagoak dira minduta datozenean. 

Osasunak gogotik ordaindu zuen hori, nahiz eta partida orokorrean aztertuta agian porrota gehiegizkoa izan den. Hasi eta berehala, Joao Felixek 0-1ekoa egin du Sergio Herrerak gaizki aldendutako erdiraketa batean. Atezainak, Luis Suarezen bultzakada batez kexu, area erdira desbideratu du kornerra eta portugaldarrak, bakar bakarrik, ez du hutsik egin baloia hiru zutoinen artera bidaltzeko. 

Maldan gora jarri zaio partida Osasunari 3. minutuan; jada galtzen zegoela sartu da partidan, alegia. Lehendabiziko zatian merezi izan du berdinketaren gola, arerioak baino gehiago egin duelako erasoan. Atletico Madrilek behin jaurti du eta jaurtiketa horretan gola egin du. Gorritxoek, ordea, ez dute asmatu David Garciaren burukada batean 15. minutuan ezta lehen zatiaren hondarrean izan duten aukera bikoitzean. Ante Budimirren burukada zutoinak desbideratu du eta Nacho Vidalek, airez, eginiko jaurtiketa, nola edo hala, Oblakek gelditu ahal izan du. 

Sentsazio hobeagoarekin joan da atsedenaldira Osasuna, nahiz eta galtzen joan. Bigarren zati osoa aurretik izanda, itxaropentsuak izateko arrazoi nahikoa zeuden. Baina, aldeko korner batean gola jaso eta asmo guztiak zapuztu zaizkio Jagoba Arrasateren taldeari. Kornerra errematatu ez, Joao Felixek area ertzean baloia hartu eta segituan bilatu du Luis Suarez; uruguaitarrak, maisuki, bukatu du jokaldia oso urruneko jaurtiketa bat sareetara bidalita, Sergio Herrera aurreratuta zegoela baliatuta. 

Bi jaurtiketa eta bi gol. Sekulako estatistika da hori futbol talde batentzat. Nahikoa izan du Atletico Madrilek garaipenaren bidera itzultzeko. Asteon Levanteren aurka galdu ostean –bere bigarren garaipen eskuratu zuen talde valentziarrak–, minduta zetorren Sadarrera, bolada onean zegoen Osasunaren aurka lehiatzeko (hiru partida galdu gabe, bi garaipen eta berdinketa bat). Sentsazioei dagokionez, Osasunak bere izaera ederki islatu du baina garrantzitsuena falta izan zaio: gola. 

Kike Garcia zelairatu eta Ante Budimirrekin batera, goletik gertuago egotea bilatu du Jagoba Arrasatek –Cote ere zelairatu da erdiraketak jartzeko– baina gorritxoek ez dute asmatu Oblakek defendatutako atearen aurrean. Asmatu duena eta nola gainera, Angel Correa izan da, madrildarren garaipena are gehiago borobiltzeko. Argentinarrak, zelairatu eta zortzi minutura, atea ikusi du kontraeraso bat ederki bukatuta, Sergio Herreraren gainetik baloia bidalita.