Dabid Lazkanoiturburu

Etiopiak Egipto eta Sudan sutan jartzen duen presa erraldoia martxan jarri du Nilo ibaian

Etiopian Nilo Urdinaren presa erraldoia, Afrikako azpiegitura proiekturik handienetarikoa eta Sudanekin eta Egiptorekin talka historikoa eragin duena, martxan da. Addis Abebarentzat estrategikoa, argindarra eta ureztatzea ziurtatzeko. Kairorentzat eta Jartumentzat Niloko ur-maiilaren lapurreta.

Afrikako azpiegitura proiekturik handienetarikoa da presa.
Afrikako azpiegitura proiekturik handienetarikoa da presa. (Amanuel SILESHI | AFP)

Nilo Urdinaren presa erraldoia, Afrikako kontinenteak ezagutu duen azpiegitura proiekturik garestienetako eta azken urteetan Etiopiaren, Sudanen eta Egiptoren artean izugarrizko tirabira diplomatikoak eragin dituena, martxan da gaur igandetik Abyi Ahmed Etiopiako lehen ministroak inauguratu ondoren.

Etiopiaren Berpizkunderako Presa Erraldoia izenarekin bataiatu dute populazioaren %60k argindar erregularrik ez duen eta lehortearen eraginez lurra ureztatzeko arazo larrriak dituen herrialdean baina Kairok eta Jartumek haserre bizia agertu dute Etiopiak Nilo Urdinaren ur-baliabideak kentzen dielako, batez ere Nilo ibaiaren ur-maila jaitsi araziko duelako,

Egiptok ibaiarekiko «eskubide historikoa» aldarrikatu du. Horretarako 1929an Sudan ordezkatzen zuen Britainia Handiko potentzia kolonialak sinatu zuten akordioa gogora ekartzen du. Itunak Nilo ibaian proiektuak egiteko beto-eskubidea onartzen zion Kairori.

1959an, ordurako askea zen Sudanek eta Egiptok Niloren ura banatu zuten, %66a Kairorentzat eta%22a Jartumentzat.

Iturburuaren herrialdeak

Etiopiak akordio haietan parte hartzen ez ziotela utzi argudiatu du beti eta 2010ean bere akordioa sinatu zuen, baina Niloko ibaiaren iturburua eta arroa osatzen duten herrialde afrikarrekin. Nilo Urdina Etiopian sortzen da baina adar bat da.

Nilo ibaiak Tanzanian du iturburua eta Sudanera iritsi aurretik beste bost herrialde afrikar zeharkatzen ditu, Burundi, Ruanda, Uganda, Kenya, eta Kongoko Errepublika Demokratikoa, egungo Hegoaldeko Sudan «askea» kontuan hartu gabe.

Itun honek Egiptoren beto-eskubidea bertan behera utzi zuen eta Nilon ureztatze proiektuak eta presa hidroelektrikoak baimendu zituen.

Hala ere, Egipto, Sudan (iparraldekoa) eta Etiopia  hasiera-akordio batera iritsi ziren 2020ko urtarrilean presaren proiektu xumeagoa egiteko baina Addis Abebak negoziazioak utzi zituen eta Egipto bakarrik geratu zen ituna sinatzeko orduan.

Ordutik Etiopiak finantzatu du proiektua bakarrik eta lanekin jarraitu du  Benishangul-Gumaz eskualdean (mendebaldea), Sudango mugatik 30 kilometrotara.

Proiektu erraldoia

Inaugurazio ofizialaren ostean presa erraldoiak 375 megawatio produzitzeari ekin dio, bigarren fasean 13,9 milioi  metro kubiko urarekin bete ondoren. Lehen fasean, 2020ko uztailean amaitu zena, 4.500 milioi metro kubiko urarekin estali zuten presaren ondoa.

Proiektu erraldoiak 1.730 milioi eurotako aurrekontua izan du 2011an eraikuntza lanak hasi zirenetik gaur arte –orduan funtzionario bakoitzak hileko soldata eman behar izan zuen baina amaitzerako, 2024rako, doblea baino gehiago (3.700 milioi euro) kostako dela uste da –gobernuak eskatu dituen maileguek etiopiarren aurrezkiak konprometitu dute–. Bukaeran 5.200 megawatio ekoizteko gai izango da.

Izan ere, gaur lehen turbina jarri da martxan baina presa erraldoiak 11 turbina izango ditu.

Altueran 145 metro eta 1,7 kilometroko luzera du presak eta 74.000 milioi ur metro kubiko hartzeko gai da.

Kontinente Beltzean argindar ekoizlerik eta esportatzailerik handiena izango da.