NAIZ
DONOSTIA

Inude eta artzaiek hartu dute kaldereroen lekukoa; iristear dira ihauteriak

Pandemiak eragindako trabak gaindituta, Donostiako kaleak jai giroaz bete dira asteburuan zehar. Hungariako kaldereroek larunbata iluntzean ihauterien iragarpena egin ostean, igande honetan artzaia eta inudeek hartu dute lekukoa. Xirimiriak xirimiri, itzuli da hain estimatua den desfilea.

Donostiako kaleak jai giroaz bete dituzte Hungariako kaldereroek tradizioari eutsiz.
Donostiako kaleak jai giroaz bete dituzte Hungariako kaldereroek tradizioari eutsiz. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Usadioak kaldereroak Donostiara urtero bisitan otsaileko lehenengo asteburuan ekartzen dituen arren, egoerak tradizioa zertxobait aztoratu du eta 2022an larunbata honetan etorri dira Hungariatik, ohi baino bi aste beranduago. Ihauteriak etortzear direla iragarri asmoz, zartagiak mailutxoaz kolpatuz egin zuten larunbata iluntzean, jantzietako beltza kolore biziekin nahastuz. Ez zen musika eta jai girorik falta izan.

Lehenengo doinuak ostiralean ailegatu ziren, ordea, Zurriola ikastolako konpartsaren eskutik, Groseko auzoa zeharkatuz. Atzo, bestalde, bi ziren aurreikusita zeuden ibilbideak: bata Txominen. Bertako konpartsa auzoko kaleetatik ibili zen 18.00etatik aurrera, eta besteak beste Aintzieta pasealekua, Añarbe plaza eta Felisa Martin kaleetan izan ziren kaldereroak.

Bigarren hitzordua, programatuta zegoen nagusia, Kaldereroen Konpartsa Tradizionalarena izan zen, Alde Zaharretik barna. Soraluze kalea abiapuntu, Aldamar, Euskal Herria, Bretxa, San Juan, Narrika eta Fermin Calbeton kaleak zeharkatu zituzten, besteak beste. Konstituzio plazan betiko moduan kaldereroak kanpalekua zabaldu zuten, eta bertan konpartsako Erreginak Donostiako herria agurtzeko diskurtsoa bota zuen ondoren errepertorioa osatzen duten abestiak abestuz.

Hungariar Kaldereroen lehen konpartsak 1884ko otsailaren 2an, Kandelariaren jaiegunean, desfilatu zuen arren (La Union Artesana eta La Fraternal herri-elkarteek antolatu zuten ihauterietako festen barruan), geroztik etenaldi bat baino gehiago izan dituzte festok.

Kaldereroen azkeneko susperraldia 1972an gertatu zen, herri-elkarte eta hiritar-talde batekin lankidetzan  eta Kultur eta Turismo Ekintzetxeak babestuta. Harrezkero, urtero ospatu dira –iaz pandemiaren eraginez salbu–, eta Donostia Kulturak nabarmentzen duenez, 80ko hamarkadaz geroztik gainera konpartsa berriak sortu dira, festa denboran eta espazioan zabalduz.

Hain justu, 1972. urte hartatik 50 edizio bete dira kaldereroen jaia berpiztu zirenetik eta efemeride borobila ospatzeko Erreginaren eta bere Damen irudiak 1972tik jaian parte hartzen duten tribuen arduradunek ordezkatu dituzte aurten pertsonaiak.

Hungariako kaldereroak Donostian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Kresalako inude eta artzaiak

Asteburua Donostian inude eta artzaien desfileak itxi du igande honetan. Tradizioa den moduan, kaldereroen biharamunean egiten den ospakizuna da inude eta artzaiena, hirian oso estimatua den desfilea. Jaialdiak artzainak hirira jaisten zirenean beraien eta inudeen artean izaten ziren gorteiatzeak ospatzen ditu, eta haurren txertaketa irudikatzen du.

Hiriak ihauterirako bidean egiten dituen ekitaldietako bat da eta, funtsean, Raimundo Sarriegi maisuaren musikaren erritmoan egiten da desfilea. Bertan, inude eta artzainen 30 bat bikote eta 60 danborrari inguru ateratzen dira, baita beste hainbat pertsonaia ere, hala nola alkatea eta haren emaztea, idazkaria, gotzaina, mezamutilak, mikeleteak, olata-saltzailea, zapata-garbitzailea eta garai hartako beste pertsonaia batzuk.

Inude eta artzaiak Donostiako kaleetan, igande honetan. (Jon URBE I FOKU)

Kresala Kultur elkarteak 1977. urtean behin betiko berreskuratuta eta geroztik gogoz sustatuta, igande honetan konpartsa Euskal Herria kaletik eguerdian puntuan abiatu da. Zinez traketsa zegoen eguraldia, hotza eta xirimiriarekin, baina irribarrea ahoan aritu dira dantzan. Aldamar, Nagusia, Abuztuaren 31, Narrika eta Iñigo kaleak zeharkatu dituzte aurrena, alboetan jende andana pilatuz. Nabari zen: iazko hutsunearen ostean, gogoa eta beharra bazegoen festa berreskuratzeko. 

Ohi bezala, Konstituzio enparantzan egin dute umeen txertaketaren antzezpena eta beste hainbat pieza dantzatu dituzte. Emankizuna amaituta jarraitu dute Arraindegi, Bretxa eta San Juan kaleetatik, besteak beste.

Alde Zaharreko desfileaz gain, Antiguok ere berea izango du, kasu honetan datorren larunbatean, ihauteriekin bat eginez. Hilaren 26an, Antiguotarrak Euskal Dantza taldea auzoko kaleetan barna ibiliko da. 11.30etan abiatuko dira, Merkatu Zaharretik.