Manex Altuna
Entrevista
Alex Petxarroman
Athletic Club taldeko jokalaria

«Oso pozik nago Athleticen, minutu gutxi jokatu arren erabaki ona izan da niretzat»

Zortzi partida jokatu ditu Petxarromanek (Donostia, 1997) Athleticekin. Eskuin hegalean zein zelai erdian erabili du Marcelinok. Anoetan egin zuen debuta lehen itzulian eta gogotsu dago Realaren kontrako derbian beste aukera bat izateko.

Petxarroman denboraldi aurreko lehen entrenamenduan.
Petxarroman denboraldi aurreko lehen entrenamenduan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Alex Petxarroman Athleticen ezusteko fitxaketa izan zen joan den denboraldi amaieran. 25 urte bete berri ditu donostiarrak eta futbol ibilbidearen gehiengoa Realean egina zuen. Antiguokotik Zubietako harrobira igaro zen eta hamarkada bat egin zuen maila ezberdinetako talde txuri-urdinetan. Utzita ere aritu zen Gernikan sasoi batean. Belaunaldi berdinekoak dira San Mamesen aurkari izango dituen Oyarzabal, Aihen, Zubeldia edo Guevara.

Sanseko kapitaina izanik Bigarren Mailara igotzea lortu zuen iaz, baina zuri-gorrien eskaintza jaso eta Bilbora etortzeko erabakia hartu zuen. Aurkezpenean azaldu zuen bezala, Lehen Mailan jokatzeko aukerari ezin izan zion ezetzik eman. Marcelinoren oneritzia lortu zuen denboraldiaurrean eta Anoetan egin zuen debuta Ligako lehen itzulian. Kosta egin zitzaion minutuak izatea eta zortzi partidetan bakarrik parte hartu du. Eskuin hegalean zein zelai erdian aritu da. Sinetsita dago aukera gehiago izango dituela eta ondo prestatuta egon nahi du unea iristen denerako.

Donostiar batentzat Realaren kontra jokatzea berezia izango dela onartzen du. Harreman onak mantentzen ditu eta talde sendoa direla nabarmentzen du. Zaila izango dela garaipena lortzea dio. Hala ere, zaleen babesarekin eta gauzak ondo eginez, hiru puntuak etxean geratzea da helburua. Batez ere, Mallorcaren kontrako porrota ahaztu eta Kopa zein Ligan dituzten erronkei indarberriturik aurre egiteko.

Zein giro dago Athleticen Mallorcaren aurkako porrotaren ostean?

Denak geratu ginen sentsazio txarrarekin. Azken partidak oso onak izaten ari ziren, dinamika positiboan ginen, baina Mallorcako partidua ez zitzaigun ondo atera eta triste itzuli ginen bertatik.

Nola azaldu daiteke gertatutakoa? Denboraldiko partida txarrena izan zen?

Nik istripu bat izan zela esango nuke. Partidu txarra izan zen, baina dinamika onean geunden Europako postuetatik gertu Ligan. Porrotak aldendu egiten gaitu egon nahi dugun lehia horretatik, baina prest eta gogotsu gaude igande hontan daukagun erronkarako.

Marcelino oso haserre agertu zen komunikabideen aurrean. Zer esan zizuen aldagelan?

Ez zigun ezer esan, uste dut ez zegoela askorik esan beharrik. Denok genekien ez zela partidurik onena izan eta ez zaio buelta gehiagorik eman behar. Derbian pentsatzen hasi ginen jarraian, futbola ez baita gelditzen. Partidu asko falta dira Liga amaitzeko, Europako postuetatik gertu gaude eta horretan bakarrik pentsatu behar dugu.

Taldea gai ikusten duzu Kopan finalera iritsi eta Ligan amaierararte lehiatzen egoteko?

Azken unerarte lehian egoteko gai garela uste dut. 24. jardunaldian gaude eta taldeak lehiakortasun handia erakutsi du hasieratik. Azken hilabetean partida asko eduki ditugu eta argi utzi dugu goian egoteko gai garela. Alde horretatik behintzat ez daukagu zalantzarik.

Petxarromanek Anoetan egin zuen debuta Athleticekin. (@alexpetxa)

Aipatu duzun bezala, futbola ez da gelditzen eta Reala dator San Mamesera. Zer-nolako partida izan daiteke?

Beste partidu gogor bat izango da, talde indartsu baten aurka. Partida guztietan egiten dugun bezala, ahalik eta hoberen prestatu gara ondo iristeko. Argi daukaguna da ehuneko ehuna ematen badugu, gure zelaian jokatuta, San Mameseko jendearen babesarekin, partida irabazteko gai garela da. Hala ere, zaila izango dela badakigu eta partida ona egin beharko dugula arlo guztietan.

Nola ikusten duzu Reala?

Oso indartsu hasi zuten denboradia eta urte osoan mantentzea oso zaila izaten da. Granada ondo gainditu zuten azken jardunaldian eta badakigu derbi batean indarrak asko parekatzen direla eta tentsio handiko partida dela. Reala oso talde indartsua da eta ez dizkigu gauzak batere erraz jarriko.

Europan jokatzeak eragina izan dezake?

Nik uste Reala moduko taldeek aukera ezberdinak izaten dituztela hamaikakoan aldaketak egiteko. Jokalari guztiek maila altua daukate. Egia da eragin negatiboa izan dezakeela fisikoki egindako esfortzuarengatik, baina positiboa izan daiteke ere moral aldetik. Guri hori pasa zaigu azken asteetan Kopako partidekin. Ligako partidak motibazio altuagoarekin jokatzeko eta ahalik eta hobekien lantzeko lagundu digu.

«Derbi asteak tentsio handiagokoak izaten dira eta partida berezia da jokalari guztientzat»

Partida berezia izango da zuretzat, zer esaten dizute lagunek?

Azken aldian lagunekin gutxi egoten naiz eta lasai uzten didate, badakite nere lana dela eta nirean nagoela pentsatzen. Beti daude bizpahiru zirikatzen aritzen direnak eta partida gerturatu ahala ziur mezu gehiago bidaliko dizkidatela.

Ezberdin ikusten da Donostiatik eta Bilbotik derbia?

Derbi asteak beti izaten dira tentsio handiagokoak. Partida berezia da jokalari guztientzat. Entrenamenduetan berdin saiatzen gara ahalik eta hoberen prestatzen ondo iristeko. Gero partida beste guztiak modukoa izaten da, nahiz eta tentsio gehiago nabaritzen den, batez ere zaletuen artean.

Realean dauden hainbat jokalarirekin gaztetxo mailan aritu zinen, zerbait hitzegin duzue derbira begira?

Harreman ona izaten jarraitzen dut beraiekin. Urte asko igaro ditugu batera, nahiz eta pixkat galdu den beraiek Lehen Mailara igo zirenean. Anoetako partidan aukera izan genuen hitz egin eta broma batzuk egiteko.

«Gero eta erosoago sentitzen naiz entrenamenduetan zein zelaian eta jokalari bezala asko hobetu dut»

Lehen itzuliko derbian egin zenuen debuta Lehen Mailan. Nola gogoratzen duzu?

Denbora pasa arren horrelako partidak ez dira inoiz ahazten. Ez dut gehiegi pentsatzen, baina egia da oroitzapen hori betirako izango dudala eta asko pozten nau. Gainera, ikusten nabil jardunaldiak pasa ahala gero eta minutu gehiago ditudala. Realaren aurka berriro lehiatzeko prest nago eta motibazio puntu handiagoarekin.

Kosta zitzaizun minutuak izatea. Pozik zaude Athleticera etortzeko erabakiarekin?

BBai, beti esan dut. Gutxiago jokatzen ari nintzenean ere esan nuen ez nintzela ezertaz damutzen. Oso erabaki ona izan da niretzat eta oso pozik nago Athleticen. Oso ondo sentitzen naiz, futbolari hobea bilakatzen ari naiz, minutu gutxi jokatu arren. Gaztea naiz eta ikasteko balio izan dit..

Gehiago jokatzea espero zenuen?

Pentsatzen nuena baino gutxiago jokatzen ari naiz, baina lasai nago. Lehen Mailako talde bat da eta banekien gauzak ez zirela errazak izango Athleticen. Egunerokotasunean lan ona egiten ari naiz. Nire taldekideak eta entrenatzaileak pozik daude egiten dudanarekin eta horregatik oso pozik nago eta ez naiz inolaz ere damutzen Athleticera etortzeaz.

Atletico Mancha Real taldearen kontrako Kopako partiduan hamaikakoan sartu zen Petxarroman lehen aldiz. (@alexpetxa)

Zortzi partidetan parte hartu duzu, gehienetan bigarren zatian zelairatuz. Denbora gutxian gauza asko erakusteko presioa sentitzen duzu?

Zaila izaten da aulkitik sartzea. Saiatzen naiz lasai egoten, ahalik eta kontzentratuena, nire lana ondo egiteko eta ez diot nere buruari presio gehiegirik jarri nahi. Zelaira ateratzen zarenean sentitzen da jendearen begiradapean zaudela, futbolak ikusle asko dituelako. Baina minutu gehiago jokatu nahi baduzu, badakizu ondo egin behar duzula eta horretarako prest nagoela igartzen dut entrenamenduetan.

Ikasten ari zarela nabarmendu duzu, hainbesteko aldea dago Bigarren B mailatik?

Jauzi handia da eta banekien ez zela erraza izango. Noski gehiago jokatu nahi dudala, baina badakit denbora bat behar dela maila berri batera egokitzeko eta ikasteko. Pixkanaka gero eta erosoago sentitzen naiz, bai zelaian bai entrenamenduetan, eta hori positiboa da.

Marcelinori sarritan ikusi izan zaio zurekin hitz egiten.

Beste taldekide bat bezala tratatzen nau. Zeozer esan behar badit besteekin moduan egiten du, ez du ezberdintasuik egiten Bigarren B mailatik etorri naizelako. Aurredenboraldia izan nuen erakusteko lehen taldean geratu nintekeela eta hala izan da.

Xabi Alonsok Sansen eskatzen eskatzen zizunaren oso ezberdina al da?

Entrenatzaile bakoitzak bere gida liburua dauka eta jokatzeko modua ezberdina da. Azkenean biak saiatzen dira jokalarien onena ateratzen eta biak dira oso lehiakorrak eta irabazteko gogo izugarria dutenak.

«Marcelinoren konfiantza irabazi dudala uste dut eta ez da aztertu neguan beste talde batetara joatea»

Lehiakortasun handia dago eskuin hegalean. Lau jokalari zaudete, Lekue, Capa, De Marcos eta zu zeu, postu baterako. Zorte pixkat falta izan zaizu lesioekin.

Bakoitzak bere unea aprobetxatu behar du. Aukera izan nezakeen denboraldi hasieran, baina lehen jardunaldietan lesionatuta egon nintzen. Lekue sartu zen, ondo egin zuen eta hortik aurrera egia da pixkat zaildu zitzaidala taldean sartzea. Naturaltasunarekin eraman dut, beti entrenatzeko gogoz eta lehiatzeko. Hori da egin behar dudana, aukerak sortzen dira eta prest egon behar da aprobetxatzeko.

Vencedorren lesioaren ostean, zelai erdian ere jokatu duzu.

Vencedor lesionatu aurretik ibili izan naiz zelai erdian entrenatzen. Aurreko urtean Sansen ere jokatu nuen, baina posizioa ezberdina zen. Lehen euskarri bakar bat bezala jokatzen nuen eta orain birekin. Hala ere, eroso sentitzen naiz, ez baita ezezaguna niretzat. Uste dut ondo moldatu naitekeela eta gai naizela hor jokatzeko. Athleticera lateral bezala etorri nintzen, baina banekien postu ezberdinetara egokitu naitekeela.

Gutxi jokatu duten beste taldekide batzuk, Morcillo edo Nolaskoain esaterako, utzita joan dira denboraldi erdian. Neguan irtetzeko aukerarik aztertu zenuen?

Ez. Kluba, entrenatzailea eta ni neu ere pozik eta gustura gaude egiten ari naizen lanarekin, nahiz eta minutu asko ez dudan jokatu. Marcelinoren hiz egindakoarengatik uste dut bere konfiantza irabazi dudala egindakoarekin eta ez da aztertu beste talde batetara joatea. Klubak eta entrenatzaileak hemen jarraitzea nahi zuten eta nik ere.

Kopako kanporaketetan San Mamesen bizitakoa ere, Bartzelona eta Real Madril gaindituz, oroimenean geratuko zaizu betirako?

Kriston partiduak izan ziren eta giroa ere bikaina. Ez dut inoiz horrelakorik bizi eta esperientzia ahaztezina izan da. Oso pozik nago ikasteko balio duelako, nahiz eta ezin lagundu zelai barrutik, kanpotik ere bakoitzak bere partea eman behar du. Gogotsu gaude horrelako gau gehiago bizitzeko.

Espanyolen aurka eta Mallorcan zelai erdian jokatu du Petxarromanek. (@AthleticClub)