Elhuyar: 2072ari so, datozen erronkei helduz jendartea hobetzeko
«Elhuyar, 50 urte aurrerago» hartu dute lelotzat erakundearen mende erdia ospatzeko, aitzinera begira paratu eta jendartearen erronkei erantzun nahi dietelako. Horri lotuta dago 2072ko herritarrentzat prestatuko duten kutxa, baita fundazioaren jatorriari ere.
Elhuyarren sortzaileak larunbat arratsaldero elkartu ziren, 20 urtez. Ingeniariak ziren eta terminoak euskaraz nola eman idatzi zuten fitxa batzuetan. Dokumentu horiek kutxetan sartu zituzten eta Euskaltzaindian gordeta daude.
Hastapen haiei keinu eginez eta 50 urte barruko herritarrei zerbait eskaini nahian, kutxa batean jasoko dute momentuko testigantza: zertan ari dira Elhuyar eta euskal jendartea? Zer gertatzen ari da munduan? Elementu batzuk digitalak izanen dira, bertzeak fisikoak, emozionalagoak izaten ahal dira… Ekitaldi bakoitzean leku bat eginen diote kutxa horri eta nahi duenak nahi duen elementua utziko du.
Azaroan eginen duten urteurreneko ekitaldi nagusian, kutxa barrenean zer dagoen erakutsiko dute. Hitzordu horrek ikuskizun puntu bat izanen duela eta lagun aunitz bilduko dela azaldu du Jon Abril zuzendariak, duten harreman sare zabalaren isla. Ehun langile eta 500 bazkide dira, eta kolaboratzaile piloa dute. «Horrek guztiak egiten du Elhuyar. Euskararentzat hain zabalduak izan ez diren esparruetan aritzeak ere ematen dio nortasuna. Aitzindaria izan da, eta hala izaten segitzen du».
1972an, zientzia eta euskara uztartzeko asmoz jaio zirenean, kultur elkarte gisa egin zituzten lehen urratsak, eta 2002an fundazio bihurtu ziren. Gaur egun, ezagutza aurreratua aplikatzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Honako xedean laburbiltzen da egiten duten lan ikaragarri zabala: «Euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea».
Historian nahiko lotura logikoak joan dira sortzen. Ingeniariak euskara sustatzen hasteak zientziako bertze esparru batzuetara zabaltzea ekarri zuen; terminologia lantzeak, hiztegigintza; testuak itzuli behar izan zirenez, itzulpen zerbitzuak sortu ziren; euskara lanabes hartuta, teknologiarekin lotuz, lan mundurako jauzia eman zen. Hizkuntza teknologiak etorri ziren eta horiek ekarri zuten adimen artifiziala.
Herrietako euskara planetan herritarren partaidetzarekin lotutako prozesuak egiteak bertzelako partaidetza prozesu batzuetarako metodologiak ikastera eraman zituzten, eta horietatik sortu ziren berdintasun planak. «Gurean proiektuak euskaratik eta berdintasunetik pentsatzen dira. Irabazi asmorik gabeko erakunde bat gara eta gure egitekoa bada gizarteari onura ekartzea».
Emakume zientzialariak bistaratu
Elkarrizketa Emakume eta Neska Zientzialarien Egunean egin dugu, otsailaren 11n. Elhuyarren Bizilabe izena duten zentro batzuk dituzte, gazteak aisialdian zientziara hurbiltzeko. Bilbon, Nerbioi-Ibaizabalen, Elgoibarren, Soraluzen, Tolosan eta Villabonan dituzte. Laster edukiko dute Laudion ere. «Haur eta gazteak esperimentuak egitera joaten dira, aunitz jokoen bidez. Bilbokoa izan zen ireki genuen lehena eta barrenean egiten zen lana auzora, Deustura, atera nahi izan zuten. Otsailaren 11n gaztetxoek eurek dendetan kartel batzuk jarri zituzten emakumeak bistaratzeko eta esperimentuak egin zituzten bezeroek ikusteko».
Arrakasta izan zuten eta hortik etorri zen zabaltzea. Emakume zientzialariak ikusarazteko badago lan jarraitu bat eta Donostialdean sare indartsu bat eraiki da ikerketa zentroen inguruan. Eragile ugari batuta programa handi bat osatzen da eta Elhuyar eta erakusleihoen ekimena horren parte dira.
Berriki aurkeztutako bertze proiektu bat IDE Ingurune Digitaleko Hiztegi Eleaniztuna da. Arlo honetan termino gehienak ingelesez erabiltzen ditugula ohartuta, euskarazkoak biltzen hasi dira. Aurten hiztegiaren sarrera kopurua bikoiztea da helburua. «Badaude termino batzuk zailak izanen direnak aldatzen, roaming-a adibidez. Bertze batzuek harrera hagitz ona izan dute: txioa, traola, a bildua…». Abrilen arabera, administrazioari eskatu behar zaio «zer behar dugun bai edo bai hizkuntzaren normalizaziorako eta nola finantzatzen dugun».
Elhuyarren hiztegien webgunearen erabilera ikaragarria da. Ez bada euskaraz gehien erabiltzen dena, lehendabiziko hiruretan egonen da. Zerbait bizia da, egunero dabiltza berritzen. Orain hogei urte normaltzat onartzen genituen zenbait termino eta adibide gaur egun ez dira hala, arrazistak, matxistak edo baztertzaileak iruditzen zaizkigulako.
Ehun langile, %70 emakumeak
Orotara ehun langile dira. Egoitza nagusia Usurbilen dago eta Durangon bulego bat dute. Astean hiru egunez bulegoan lan egiten dute, eta bertze bietan, norberak nahi duen bezala. Gehiengoa, %70 inguru, emakumeak dira. Badago talde koskor bat 20 urtetik gora daramana eta bi urteotan 18 lankide berri sartu dira; batez ere, zientzian, aholkularitzan eta adimen artifizialean. «Gazte aunitz sartu zaigu eta nabaritu dugu bereziki adimen artifizialari lotuta emakumeak lortzeko zailtasuna. Bitxia da: lankide informatikari batek erraten zigun, 55 bat urteko emakumea bera, Informatika ikasi zuenean gehiengoa emakumeak zirela. Orain ia ez dago emakumerik. Lehen Informatika lizentziatura zen, baina ingeniaritza izatera pasatu zen eta horrek emakumeak ez joatea eragin zuen».
Horregatik, gazteak zientzialariekin harremanetan paratzean ikerlariak neska gazteak izaten saiatzen dira. Aurten hamar urte beteko ditu Zientzia Azokak. Proiektua, Bilbon, feria handi batekin bukatzen da. Aurten, zabaldu eginen da, eskualdeka, azoka ttikiagoetan.
Gazteek euren eskualdean dauden enpresetan zer ikerketa egiten den ezagutzea nahi dute. Sariak ikerketa zentroetako egonaldiak izaten dira eta partaideak asetzen dituzte. EHUk badu teleskopio handi bat Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta gau batez gazteak eraman zituzten izarrak ikustera. «Futbolari izateko futbolean jokatu behar den bezala, zientzialari izateko inportantea da zientziarekin izandako harremana».
Elia eta Aditu
Elia itzultzaile automatikoa «iraultza bat» izan da eta bertzelako teknologia batzuekin uztartzen ari dira. Aditu hizketa-ezagutzailearekin zuzeneko emanaldietan azpititulatzen ari dira, adibidez, Gasteizko Legebiltzarrean. Ondotik, azpititulu horiek bertze hizkuntza batzuetara itzultzen ahal dira, Elia integratu dutelako Aditun. «Gure erronka da posible egitea audio bat testu bihurtzea, testu hori bertze hizkuntza batera itzultzea eta berriz audio bilakatzea. Nahiko hurbil dago. Ahotsaren sintesiarekin eta sare neuronaletan oinarrituta gauza gara jada ahotsak imitatzeko ere. Generora bueltatuz, ahots neutroak sortu nahi ditugu. Emakumea da? Gizona da? Zalantza utziko dutenak. Zergatik? Alexa eta halakoetan, paper sumisoak jokatu behar dituztenetan emakume ahotsa erabiltzen da. Aldiz, aginduak direnean gizonarena».
Teknologiaren erabilera
Zenbaitzuk itzultzaileen lana desagertuko den beldur dira. Abrilek, berriz, bolumen handiagoan itzultzeko aukera goraipatu du. «Apustuak izan behar du itzultzaileak mantentzea eta teknologia baliatzea euren lana errazteko. Balia dezagun pertsonarik gabeko itzulpena bertzela itzuliko ez liratekeen gauza batzuetarako eta norbere erabilerarako».
Aldarrikatu duenez, adimen artifizialak aukera pila bat ematen ditu eta hor egon behar dugu. «Gero eta gehiago egiten dugu telefonoarekin interakzioa ahotsarekin, eta sistemek ulertu egin behar dute euskara».
Zaila egiten zaio 2072ko mundua irudikatzea. 15 urteotan digitalizazioak jendartea nola eta zein abiaduran aldatu duen ikusita, datorren hamarkadan iraultza ikaragarria espero du: «Zahar-etxe batean robot batek ohantzeak egiten ahal ditu, agian. Gai bagara lantaldea pertsonen zaintzara bideratzeko, ongi etorri». Erronka handietako bat hor ikusten du, erabileran eta etikan. «Zertarako nahi dugu teknologia? Ongizaterako izan behar du, ez bere menpe bizitzeko».
Euskara lanean: belaunaldi aldaketa baliatuz, aurrera
Hasieratik ari dira Elhuyarren lan mundua euskalduntzen. Lehendabiziko euskara planak egin zituzten Elayn eta CAFen. 30 bat urtean aurrerapausoak eman badira ere, plan hauek dituzten enpresak gutxi dira oraindik. «Berdintasunak azken urteetan lortu duen presentzia euskarak ez du lortu, inondik ere. Borondatearen esku gelditzen da. Ahalegin bat eskatzen die enpresei; militantzia ekintza bat da. Eta hizkuntza-normalkuntza prozesu bat ezin da bakarrik militantzian oinarritu. Politika ausartak eta lege araudiak behar dira», aldarrikatu du Jon Abril zuzendariak.
Ikasleak euskaraz hezi arren, lanean hastean gehienek harreman hori galtzen dute. «Egunero zortzi ordu gaztelaniaz bizitzen badituzte, testuinguru euskalduna badute eutsiko diote hizkuntzari, baina bertzela hagitz lotura ahulak geldituko zaizkie». Abrilen arabera, aunitz dago jokoan eremu honetan. Belaunaldi aldaketa heldu da, euskaraz dakien jendea sartuko da eta abagunea probestu behar da.