AEBetako presidenteak, Joe Bidenek, Etxe Zurian astearte honetan egindako hitzaldian aurreratu du Errusia zigortuko duela eta herrialde baltikoetara (Estonia, Letonia eta Lituaniara) soldaduak bidaliko dituela «Ukraninaren inbasio errusiarraren hasieraren» erantzun gisa.
«Errusiako bi finantza erakunde handienei zigor blokeatzaileak aplikatzen ari gara: VEBi (inbertsio eta garapeneko banku handienetako bat) eta bere banku militarrari», azaldu du AEBetako presidenteak. Era berean, Washingtonek «zor subiranista errusiarrarekiko zigor globalak» ezarriko dituela erantsi du. «Honek esan nahi du Gobernu errusiarra Mendebaldeko finantziazioarengandik baztertu dugula», azaldu du. Ildo beretik, Bidenek espliaktu du Moskuk ezingo duela kapitala Mendebaldetik eskuratu ezta bere zor berriarekin AEBen aliatuak diren merkatuetan praktika komertzialak gauzatu.
Gainera, Bidenek adierazi du asteazkenetik aurrera AEBek elite errusiarrei eta haien senideei zigorrak ezarriko dizkietela, izan ere, Bidenen esanetan, «Kremlinaren joko ustelen parte dira».
Bidenek ohartarazi du ez duela neurri zigortzaile gehiago hartzea baztertzen Errusiak bere «Ukrainaren inbasioarekin» jarraitzen baldin badu.
Joko-zelai militarrean, Etxe Zuriko maizterrak AEBetako soldadu eta ekipamendu militarra, jada Europako baseetan daudenak, herrialde baltikoetara lekualdatzea onartu du. Hala ere, ez du bertara joango diren soldadu edo materialaren zenbakirik zehaztu.
«Utz iezadazue argia izaten: gure aldetik mugimendu erabat defentsiboak dira. Ez dugu Errusiaren aurka borrokatzeko inongo asmorik», esan du. Baina, aldi berean, «eraso» bat baldin badago, AEBek eta NATOko kideek NATOren lurraldeko «hazbete» bakoitza defendatuko dutela ohartarazi du. Era berean, Bidenek azken hilabeteetan Washingtonek NATOko eta Europako kideekin izan duen koordinazioa azpimarratu du.
Errusiako Parlamentuak Donetsk eta Luganskeko lurraldeen independentzia onartu du eta errusiar Armadako tropak Donbasera bidaltzeko baimena eman du, Putinek lurraldeen autonomia onartu eta 24 ordu baino gutxiagora.
«Jainkoaren izenean, Putinek nor uste du dela bere auzokidearen lurraldean herrialde berriak aldarrikatzeko eskubidea duela pentsatzeko? Hau nazioarteko legediaren bistako urraketa bat da eta nazioarteko komunitatearen erantzun sendoa eskatzen du», bukatu du Bidenek.
EBk zigorrak ezarriko ditu, baina ez Putini
Europako Batasunak, bere aldetik, Errusiaren aurkako beste zigor batzuk iragarri ditu: Errusiako goi agintariak lurralde europarrean sartzeko debekua, Moskuk europar finantza merkatuetara sartzeko mugak eta Lugansk eta Donetsk lurraldeen enbargatzea, besteak beste. Hala ere, EBk ez ditu Putinen aurkako zigorrak iragarri.
Lugansk eta Donetski independentzia aitortortzearen alde bozkatu zuten 351 parlamentari errusiarren, independentzia aitortzea proposatu zuten hamaika pertsonen eta Ukrainako misioaren arduradunak diren militarren aurkako neurriak hartuko ditu, baina ez Putinen aurka.
Zigorren behin betiko onarpena asteazken honetan izango da, eta EBko aldizkari ofiziala argitaratu bezain pronto sartuko da indarrean, astelehenean Batasuneko Kontseiluko presidentzia frantziarrak azaldu zuenaren arabera.