NAIZ

54,6 tona hondakin bildu dituzte 2021ean Gipuzkoan identifikatutako 536 zabor guneetatik 67tan

2021ean, identifikatutako 536 zabor guneetatik 67tan jardun da Gipuzkoako Foru Aldundia, eta 54,6 tona hondakin bildu dira. Aldundiak 600.000 euro erabiliko ditu 2024 urtera arte arazoa konpontzeko.

José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak planaren emaitzak aurkeztu dituzte.
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak planaren emaitzak aurkeztu dituzte. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sakabanatutako zaborren aurka borrokatzeko garatzen den planaren emaitzak aurkeztu ditu asteazken honetan. Ekimenaren helburua da sakabanatutako zaborren 536 foku ezabatzea lurraldean. Horren inguruan, 2021ean zehar sakabanatutako zabor pilaketak prebenitu eta zuzentzeko egindako jardueren balantzea egin da.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, «zaborrak pilatzen diren guneak kutsadura-guneak dira, eta horrek arriskuan jartzen ditu ingurumenaren oreka eta gure lurraldearen eta itsasertzaren biodibertsitatea. Zabor pilaketak ezabatzea lehentasunezko ekintza da». Horretarako, jakinarazi du bere Departamentuak 600.000 euro erabiliko dituela 2024 urtera arte arazoa konpontzeko, 150.000 euro izango direlarik urtean.

2020. urtean, Ingurumeneko Departamentuak lehen aldiz egin zuen lurralde mailako azterlan bat, zabor sakabanatuen problematika aztertzeko. Guztira, 536 zabor foku zenbatu ziren Gipuzkoan: 44 kostaldean, 359 lehorreko ingurunean, eta 133, berriz, ibai ingurunean.

Arazo hori konpontzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak plan bat abian jarri zuen iaz, 2024rako pilaketa-puntu horien egoera zuzendu eta hobetzeko helburuarekin, udalekin eta mankomunitateekin lankidetzan. Lehenengo jarduerak 2021ean egin dira, eta identifikatutako 536 zabor-guneetatik 67 kendu dira, guztizkoaren %12,5a. Foku horietako 34 ibai-ingurunekoak dira (%50,7); 27, kostaldekoak (%40,3) eta 6, lur eremuetakoak (%9). Guztira, 54,6 tona jaso dira 67 guneetan.

Planaren lehen fase honetan, arreta berezia jarri zaio ibai arroetan pilatutako zaborrari, oso eragin negatiboa baitu kostaldeko egoeran. Hori horrela, Ingurumeneko Departamentuak aurrera eramandako lehenengo ekintzetako bat izan da Deba, Mijoa eta Oria ibaietan zeuden zabor sakabanatuak biltzea. Ibai horietan, guztira, 17,7 tona zabor sakabanatu bildu dira 37 kilometroko luzera batean.

Asensioren esanetan, «lan partekatu eta koordinatu bat bultzatzeko konpromisoa hartu genuen, Gipuzkoan identifikatutako zabor sakabanatua pixkanaka kentzeko eta zuzenketa- eta prebentzio-neurriak eraginkortasunez gauzatzeko». «Gaur, esan dezakegu Plana martxan dagoela eta Gipuzkoak ingurumena hobetuko duela hurrengo hiru urteetan kutsadura-gune horiek ezabatuz».