NAIZ
ZUMAIA

Abelin Linazisoro aktore, idazle eta euskaltzalea zendu da, 79 urte zituela

Abelin Linazisoro aktore, idazle eta euskaltzale zumaiarra zendu da. ‘Goenkale’ telesailean egin zen ezaguna, baina hiru eleberri ere idatzi zituen eta herriko ekimen ugariren bultzatzaile ere izan zen. Espainiar Poliziak atxilotu eta torturatu egin zuen, 1969 urtean.

Abelin Linazisoro, 2008an hartutako irudi batean.
Abelin Linazisoro, 2008an hartutako irudi batean. (Jon URBE)

Abelin Linazisoro zumaiarra zendu da, Baleike hedabideak jakinarazi duenez. 79 urte zituela hil da kulturgile gipuzkoarra. Aktore lanetan, eleberriak idazten eta ekimen ugaritan parte hartzeagatik izan da ezaguna Linazisoro.

Gaztetatik hasi zen antzerkigintzan eta 90eko hamarkadan eman zen ezagutzera Euskal Herri mailan. ETB1-eko ‘Goenkale’ telesailean aritu zen zazpi urtez, Xatur pertsonaiaren azalean. Telebistan bikoizketa lan ugari egindakoa ere bada.

Hiru eleberri ere kaleratu zituen. Lehena, 1995ean, ‘Axun’ izan zen, Susa argitaletxearen eskutik. Hurrengo biak, Txalapartarekin plazaratu zituen. 2001ean ‘Iraganen galdua’ eta 2005ean ‘Aitortza’.

Asko izan dira sarean Linazisoro gogoratu nahi izan dutenak. Tartean Euskal Idazleen Elkarteak bere irudia ekarri nahi izan du gogora. «Bere alaitasuna eta sormen grina gogoan izango dugu beti. Besarkada bero bat etxekoei».

Atxilotua eta torturatua

Euskaltzale handia ere izan da Linazisoro. AEK-ko irakasle gisa ere jardun zuen Zumaian. Gipuzkoar herrian ere zine foruma bultzatzen aritu zen denbora luzez.

1969 urtean espainiar Poliziak atxilotu egin zuen Linazisoro, ETAko fronte kulturaleko kide izatea leporatuta, eta zumaiarrak torturak pairatu zituen. Horrek oinetan ondorio fisiko eta psikologikoak utzi zizkion bizitza guztirako.

Atxilotu zutenean Lauaxetaren olerki batzuk atzeman zizkioten eta «legez kanpoko propaganda» egitea leporatu. «60 orduz torturatu ninduten, eta sei egun pasa behar izan nituen zauriak sendatzen, epailearen aurretik pasa arte. Etxeko eskaileretatik erori ote nintzen galdetu zidan epaileak», adierazi zuen ‘Berria’ egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.