NAIZ

Ugaoko Udalak herriko torturatuen omenez ezarritako plaka kendu duela salatu dute

Otsailaren 13a, Joxe Arregiren heriotzaren urteurrena, torturaren aurkako eguna da Euskal Herrian, eta aurten Ugaoko ‘Memoria erein, ahaztu ez dadin’ ekimenak torturak jasan dituzten 33 auzokideen omenez plaka bat ezarri du herrian. Ez du asko iraun, ordea, Udalak asteazken goiz honetan kendu baitu.

Otsailaren 13an torturatuak izan diren 33 ugaotarren omenez ezarritako plaka.
Otsailaren 13an torturatuak izan diren 33 ugaotarren omenez ezarritako plaka. (NAIZ)

Ugaoko udalak ‘Memoria erein, ahaztu ez dadin’ herri ekimenak torturak jasan dituzten 33 ugaotarren omenez ezarritako plaka kendu du asteazken goiz honetan. Hamar egun bakarrik iraun ditu hainbat auzokidek jarri zuten lekuan. Ekimeneko kideek aipatzen dutenez, «Udal gobernuak bi aukera zituen: auzokideen memoria errespetatzea edo erasotzea. Bigarrena aukeratu du».

Hamar egun baino ez ditu iraun plakak, Udalak erretiratu duen arte. (NAIZ)

NAIZi igorritako oharrean nabarmentzen dutenez, «torturak utzitako aztarnak pertsona guzti hauengan bizirik diraute, eta baita torturaren latza sufritu duten euskal herritar guztien baitan ere», eta hau horrela izanda, eta «instituzioen aitortza eta ekimen eza ikusita», otsailaren 13an, «Euskal Herriko Torturaren aurkako egun nazionalean, Ugaon omenaldi xumea» burutu zela azaltzen dute.

Bertan, besteren artean tortura jasan duten auzokideen omenez plaka bat jarri zuten gerturatutako dozenaka lagunek, «haiek sufritutako infernua ahaztu ez zedin». Izan ere, azpimarratzen dutenez, «guk ere bi aukera genituen; ahanztura bere horretan mantentzea edota memoriaren alde egitea. Bigarrena aukeratu genuen».

«Harriduraz ikusten dugu zoru etikoez egunerokotasunean mintzo direnak, ugaotarren memoriaren inguruan inolako errespeturik ez agertzea, eta, sufrimendu hori arintzeko bideak martxan jartzetik urrun, gai horren inguruan darabilten ekintza bakarra memoria erasotzea izan dela», salatzen dute Ugaoko herri ekimeneko kideek, baina, edonola ere, euren konpromisoa adierazten dute «herri honen memoriaren alde lan egiteko, eta torturatuak izan diren milaka eta milaka pertsonen sufrimendua ahaztu ez dadin».