NAIZ

Antartikoko itsas izotzak inoizko azalerarik txikiena dauka

Greenpeaceren kalkuluen arabera, 2022an zehar, Antartikoko itsas izotza bere azaleraren minimo historikora iritsiko da. Dagoeneko 1,98 milioi kilometro karraturaino jaitsi da izotzaren azalera.

Izotz puska txikiak Antartikan.
Izotz puska txikiak Antartikan. (NASA / NATHAN KURZ)

Greenpeace Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) ekologistak ohartarazi duenez, Antartikoko itsas izotzaren azalerak, satelite bidezko kontaketak hasi zirenetik, bere minimo historikoa gaindituko du 2022an. Zehazki, erakundeak abisatu du iragan den otsailaren 20an, igandean, 1,98 milioi kilometro karratuko azalera zenbatu zuela Antartikoko itsas izotzaren masan. Aurreko minimo historikoa, 2017an erregistratutako 2,1 milioi kilometro karratukoa, hautsiz.

Datua «beldurgarria» dela adierazi du Greenpeacek. Izan ere, erakundeak abisatu du ipar poloko izotza ere urtzen ari dela eta nahiz eta minimo historikora iritsi ez den, bere historiako bigarren zifra baxuena gainditu duela. Hori horrela, poloetako izotza urtzeak «planeta osoari» eragiten diola gogorarazi du erakundeak.

Azpimarratu duenez, berotze globalaren eta itsas izotzaren eraldaketaren dinamika «konplexua» ikertzen diren bitartean, kolapso klimatikoa «agerikoa» da eskualdean. «Antartidako gune batzuk planetako beste edozein txoko baino bizkorrago ari dira berotzen», deitoratu du erakunde ekologistak.

Beroketa bizkorragoa

«Mendebaldeko Penintsula Antartikoa Lurreko berotze eremu azkarrenetako bat da, eta Zirkulu Polar Artikoko txoko batzuetan baino ez da tenperatura azkarrago igotzen, zenbait puntutan, gainera, batez besteko hiru gradu gora», azaldu du erakundeak.

«Antartikako kasko polarraren masa 1990eko hamarkadan baino hiru aldiz arinago urtzen ari da, eta itsas mailaren hazkunde globalari zuzenean laguntzen dio», erantsi du.

Munduko Metereologia Agentziak jakinarazi duenez, berotze horren ondorioz, 2020ko otsailean 18,3 gradu zentigraduetako tenperatura maximo puntualaren errekorra apurtu zen Antartikan. Itsasoei ez ezik, Greenpeacek salatu du tenperatura aldaketa honek pinguino komunitateak arrisku larrian jartzen dituela: «Duela 50 urtetik hona, pinguinoen populazioa %77 jaitsi da».