NAIZ

Hainbat herri plataformek Osakidetzako langileen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute

Osasungintza publikoaren aldeko hainbat herri plataformek osasun sistema publikoaren alde antolatzen ari direla adierazi dute, eta Osakidetzako langileek datozen egunetan egingo dituzten greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deialdia luzatu dute.

Urtarrilak 23ko Osakidetza Sindikatuen manifestazioa osasun publikoaren alde, Gasteizen.
Urtarrilak 23ko Osakidetza Sindikatuen manifestazioa osasun publikoaren alde, Gasteizen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Osasun publikoaren aldeko hainbat plataformek babesa eman diete hainbat sindikatuk Osakidetzan deitutako greba eta mobilizazioei. Haien ustez, «osasun sistemaren egoera larriari aurre egiteko, urtarrilean egin bezala, osasun langile eta herritarrak elkarrekin mobilizatzea ezinbestekoa da».

Satse, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek greba deitu zuten Lehen Arretan otsailaren 25erako eta Osakidetzako sare osoan hilak 28rako. Gainera, 26an, larunbata, manifestazioak egingo dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

Urtarrilaren 23an egindako manifestazioaren ondoren Osakidetzaren partetik erantzunkizunik eza salatu zuten datorren ostiraleko grebaren antolatzaileek. «Osasun Sailak irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa gehiago abiarazi ditu, hala nola, Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea», adierazi zuten

Egoera honen aurrean osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek, langileen gainkargaren eta lan baldintzen ondorioak azpimarratu dituzte: «Arreta kalitatearen okertzea, irisgarritasun falta, sistemaren estaldura eza, eta horrek gizartean eragiten dituen desberdintasunen areagotzea».

Horrela, honako eskaera hauek egin dituzte plataformek: «Langileen eskubideak eta eskaerak lehenbailehen berma daitezela; osasun sistema publiko, unibertsal, doako, integral, eskuragarri eta ekitatezkoa bermatzea; osasunerako eskubidea politika publiko ororen ardatz izan dadila, pribatizazioa eten eta zerbitzu guztien errebertsioa eta publifikazioa sustatzea, baita mutualitateena ere; osasun sistemaren demokratizazioa, eta paziente euskaldunoi euskaraz artatzea bermatzea».

Leioan Bizi plataforma; ZOPA Zornotzako Osasun Publikoaren Aldeko plataforma; Izartu Mungialdea; Erandioko Herri Plataforma; DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde; TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde; Gasteiz Osasun Publikoa Aurrera; Gora Deustu; Osasun Publikoa Aurrera, eta Algortako Herri Plataforma dira sindikatuen mobilizazioekin bat egin dutenak.

Horrekin batera, osasun publikoaren aldeko dinamikak herriz herri zabaltzeko deia egin dute plataformek: «Osakidetzaren narriadura pertsona, talde, herri eta etxe guztietan eragiten ari den ezinegona jasaten ari garen honetan, gure artean elkartuz eta osasunerako eskubidea bermatuko duten irtenbideak modu kolektiboan lantzen hasteko unea da».