NAIZ

Natalio Cayuelaren inguruko liburua Madrilgo Senatuan aurkeztuko du Osasuna Memoriak

Ostiral honetan streaming bidez jarraitu ahal izango den ekitaldian, "Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela, Osasuna y Justicia" lanaren inguruaz aritzeaz harago, futbol klubek justizia konpontzailean izan dezaketen paperaren inguruan duten proiektuaz ariko dira.

Urrian Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztu zuen Cayuelaren inguruko liburua.
Urrian Nafarroako Legebiltzarrean aurkeztu zuen Cayuelaren inguruko liburua. (Iñigo URIZ/FOKU)

Osasuna Memoria kolektiboko ordezkaritza zabal batek agerraldia egingo du ostiral honetan Madrilgo senatuan, helburu bikoitz batekin. Alde batetik, "Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela, Osasuna y Justicia" liburua aurkeztuko du eta, era berean, Guda Zibilean Osasunari lotutako errepresaliatuen historia ezagutarazteko eta futbol klubek justizia eta memoriaren gaian egin dezaketen ekarpenaren inguruko euren proiektua aurkeztuko dute. Ekitaldia goizeko 11.00etan hasiko da eta streaming bidez jarraitzeko aukera izango da. 

1936ko estatu kolpearen ostean errepresio frankista jaso zuten Osasunako kideen inguruko ikerketa bat garatzen ari da Osasuna Memoria azken hiru urteetan, ordura arte faxisten bandoan izandako hildakoen berri baino ez zegoelako, eta lan honen ondoren jakin badakigu 11 izan zirela errepublikazaleen artean taldearekin harremana izan zuten hildakoak.

Ikerketa lan horri esker, hiru liburu argitaratu ditu kolektiboak, bi herri omenaldi egin zaizkie errepresaliatuei eta Nafarroako Gobernuak ere beste omenaldi ekitaldi bat ere egin zuen bere garaian. Ostiral honetan Madrilgo Senatuan aurkeztuko den lan hau Iruñeko Legebiltzarrean ere aurkeztu zuten bere garaian. Mikel Huarte eta Ramon Bengarayren "Rojos: Fútbol, política y represión en Osasuna" eta Esther Aldaveren "Ramón Bengaray: Osasuna y República" dira argia ikusi duten beste bi liburuak.

Madrilgo ekitaldian, Mikel Huarte Alzueta ikertzailea, Jose Antonio Martin Pallin magistratu ohia, Martin Lacabe historialaria eta Jose Weinstein Cayuela, Chileko kultura ministro ohia eta Enrique Cayuelaren  biloba izango dira hizlari arituko direnak.

Bozgorailua izan dadin

Agerraldia euren proiektuko bozgorailua izan dadin nahi dute Osasuna Memoriako kideek eta horretarako gonbidatu zerrenda luze bat osatu dute. Espainiako Senatuan izango dira, besteak beste, Cayuela eta gainontzeko Osasunaren inguruko errepresaliatuen familiarrak (Carmelo eta Jesus Monzon, Enrique Astiz...) eta baita erregimen frankistak zigortutako beste zenbait nafarren ahaideak, Angel Cappa futbol jokalari eta entrenatzaile ohia edo Aitor Merino aktorea.

Ekimenak Nafarroan izan duen oihartzuna zabaltzea eta batez ere, beste futbol taldeek ere antzeko zerbait egiteak izan dezakeen garrantzia nabarmentzea da agerraldi honen helburu nagusia, beti ere memoria historikoa, erreparazioa eta erantzunkizuna ardatz.