Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Heriotza, mundu honetakoa

Antonio Santa Kruz ereñotzuarra hil da, 99 urte harrapatzeko bidean. Begiratu zorrotzez eta hitz jario elegantez bizitako ia ehun urte. Duela urtebete argitaratu genuen orrialde hauetan Iñaki Sanz-Azkuek eta biok Antoniori egindako elkarrizketa. Uste dut ez Iñakik eta ez nik ez dugula ahaztuko egun hartako hizketaldia.

Bidenek AEBetako presidente kargua hartu zuen eguna zen eta horri buruz ere hitz egin zigun, «aitona horrek» zer nezesidade ote zuen agintea hartzeko. Pandemiaz, elkartasunaz, egungo jendarteaz, gerraz. Edozertaz hitz egin zitekeen Antoniorekin, azken unera arte burua oso argi izan du eta hizketarako gaitasuna buru argi horren aginduetara. Hizlari eta pentsalari apartekoa.

Egun hartako elkarrizketan heriotzaz ere hitz egin zigun. Umetatik gertu izan zuen heriotza. Hiru urte zituela hil zitzaion ama. Bezperan amona ikusi zuen amaren logelara sartzen, katilu bat eskuan. Hurrengo egunean ama falta mahaian. «Ama non da?», galdetu zuen. «Jaungoikoak zerura eraman du», esan zion amonak eta negarrez hasi zen. Bederatzi urte baino gutxiago zituela amonak Akolatik beheko Larre Gainera bidali zuen kandelarekin, hango amona hil zelako. «Nik begietan daukat hildako amona hura; beltzez jantzia, kolore zuri-zuriarekin, sudur luze-luzearekin, ohean etzanda eta denak inguruan».

26 urte zituela oso gaixo egon zen, hilzorian. Hango eta hemengo medikuak etorri ziren eta sendatu zen azkenerako, baina medikutan diru asko gastatu ondoren. «Pentsa, nik hilabetean 19 pezeta irabazten nituen eta medikuek 700 pezeta kobratu. Sendatu nintzen, baina nik diru hori kenduko zidatela jakinez gero, kanposantuan egongo nintzen aspaldi».

Esan zigun heriotzak beldurra ematen duela beti, baina gutxiago 98 urterekin. Lasai ote zegoen galdetuta baietz, «beste aldetik noiz deituko zain nago. Adin hau gutxik harrapatzen dute eta ondo nago. Ondo bukatu nahi dut, besterik ez». Esan zigun heriotza ez dela beste munduko gauza, mundu honetakoa dela. Deitu diote beste aldetik eta joan da, berak nahi zuen bezala. Etxekoei besarkada eta eskertza, guk ere izan genuelako Antonio Santa Kruz ezagutzeko pribilegioa. •