NAIZ

Kristina Saralegi Arribillaga baserritar eta talogile leitzarra zendu da, 48 urterekin

Kristina Saralegi Arribillaga aitzindaria izan da herri kiroletan, baserriaren dibertsifikazioan eta talogintzan. Hogei urtez hazi du San Tomaseko txerria. Leitzako saralegitarren sagako kidea, 48 urterekin hil da eta samin handia eragin du albisteak Euskal Herrian. Igandean eginen diote agurra.

Kristina Saralegi Arribillaga, Leitzako Arro baserriko elkarrizketa batean, 2009an.
Kristina Saralegi Arribillaga, Leitzako Arro baserriko elkarrizketa batean, 2009an. (Jon URBE | FOKU)

Kristina Saralegi Arribillaga ostiral honetan, otsailak 25, hil da Leitza bere jaioterri eta bizitokian, 48 urte eskasekin. Ezaguna zen Euskal Herri osoan, alde batetik herri kiroletan egin duen ibilbideagatik, aizkolari gisa bertzeren artean; bertzetik, Donostiako San Tomas Azokako txerria hazi eta taloak prestatu eta saltzeagatik. Arro baserriko alaba, bertan jaio eta bizi zen. Saralegitarren sagako kidea zen, beti baserriari estu lotua, aitzindaria, sortzailea, berritzailea herri kiroletan, talogintzan eta baserriko lanen dibertsifikazioan.

Bihar, igandea, eginen diote azken agurra Leitzako San Migel Parrokian, 18.00etan.

Azken urteetan EiTBko kolaboratzaile ibili da, telebistan zein irratian, eta hedabide honek eman du bere heriotzaren berri. Zehaztu duenez, eritasun baten ondorioz zendu da. Joseba Argiñanorekin agertu izan da sukaldean, eta ‘A Bocados’, ‘Udak dakarrena’ eta ‘Baserria’ saioetan ere ikusi izan dugu.

Bere heriotzak samin handia eragin du Leitzan eta Euskal Herrian. Aita Esteban Saralegi zuen, Gabriel eta Nartxi aizkolariak (trafiko istripuz hila) anaiak zituen, baita Mieltxo Saralegi harrijasotzailea ere. Bi anai-arreba gehiago zituen eta Joxe Manuel Huici zen bere senarra.

Saralegi Taloak

Hogei urtez hazi du Donostiako San Tomaseko Ferian erakusten zen txerria. Eta Iruñeko kaleetan Olentzerori laguntzen zioten animaliak ere bai.

2020tik, ezagun egin ditu ontziratutako taloak, berak sortutako ‘Saralegi Taloak’ markarekin merkaturatuak. Nafarroako Gobernuaren ‘Navarra Emprende’ atariari azaldu zionez, garai batean egunero jaten zen taloa, gaur, ordea, azoketan bakarrik, eta lehenagoko jateko modu hori berreskuratu nahi zuen berak. Horretarako, gaur egungo gastronomian izan ditzakeen aukera guztiak aprobetxatzeko, orain arte erabili gabeko moduetan eskaini izan du opila, bere irudia gaurkotuz.

Ferietan momentuan, egin berri zerbitzatzen dira opilak, baina hortik harago, berak baserrian egindako arto opilak ontziratuta eskaintzen hasia zen, kontsumitzaileak bere etxean dasta zezan, nahi duen unean eta nahi duen osagaiarekin beteta.

20 eguneko iraupena zuten taloak saltzen zituen produktu ekologikoetan espezializatutako dendetan, eta lanean ari zen elikagai dendetan ere bi hilabeterainoko iraungitzea duten ontziratutako opilak saldu ahal izateko.

Prozesu guztia bere inguruan egitea pentsatua zuela adierazi zion ‘Navarra Emprende’ atariari: lehen abereentzat belarra zegoen zelai batzuetan artoa ereina zuen, taloen osagai nagusia.

Dedikazio eta lan handia eskatzen duen prozesua dela kontatu zuen. Lorpenik handiena, salgai jartzea eta jendeari gustatzea izan dira. Konfinamendua hasi zenean oraindik gauzak falta zitzaizkion saltzeko, baina ‘Baserritik Etxera’ ekimenarekin probatu zuen, Cederna Garalurren laguntzarekin, tokiko produktua herritarrei helarazteko. Oihartzun handia izan zuen eta, ondorioz, komertzioak berarekin harremanetan jarri ziren taloak saltzeko.

Emakume Baserritarraren Berrikuntzako Bikaintasun sarietarako aurkeztu zuen bere burua, Nekazal Aktibitatearen Dibertsifikazioaren kategorian, eta erakunde aunitzen babesa lortu zuen. Ingurua errespetatuz eta baserriari lotuta egiten duen lanaren aitortza bat izan zen berarentzat hori.