NAIZ

Europako herrialde gehienek beren aire espazioa itxi diete errusiar hegazkinei

Europako hemezortzi herrialdek beren aire espazioa itxi diete errusiar hegazkinei Ukrainaren inbasioari erantzunez. Ez hori bakarrik, Bruselak Errusiari Europar Batasuneko aire espaziora sartzea debekatzea proposatu du. Mosku ere neurri berbera aplikatzen hasi da.

Aeroflot Errusiako aire konpainia nagusiak hainbat hagaldi bertan behera utzi behar izan ditu.
Aeroflot Errusiako aire konpainia nagusiak hainbat hagaldi bertan behera utzi behar izan ditu. (Kirill KUDRYAVTSEV | AFP)

Alemania, Italia eta Estatu frantsesa izan dira beren aire espazioak Errusiako hegazkinei ixtea erabaki duten azkenetako herrialdeak, Ukraina inbaditu duelako errepresalia gisa. Guztira 18 dira Europan, horien artean Belgika, Islandia, Danimarka, Luxenburgo, Finlandia, Irlanda, Letonia, Estonia, Lituania, Txekiar Errepublika, Bulgaria, Errumania, Austria, Polonia eta Estatu espainiarra. Britainia Handiak ere erabaki berbera hartu zuen joan zen astean.

Ondorioz, Moskuko Domodedovo eta Sheremetievo aireportuetan Paris, Viena eta Europako beste hiri batzuk helmuga zituzten hegaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte. S7 Arilines eta Aeroflot konpainia errusiarrek martxoaren 13ra arte eta martxoaren 26ra arte atzeratu behar izan dituzte hainbat hegaldi, hurrenez hurren. Eta beste asko desbideratu egin beharko dituzte, Europako zati handi bat itxita izango dutelako.

Igande honetan, Europako Batzordeko presidenteak, Ursula von der Leyenek, hegazkin errusiarrei Europako Batasuneko aire espazioa ixtea proposatu du. Russia Today eta Sputnik hedabideen emisioa eragoztea ere bai. Horrekin batera, zigor gehiago jarriko dizkio Bielorrusiari, Ukrainaren inbasioan laguntzeagatik.

Neurri horiez gain, Errusiako Banku Zentralaren transakzioak gelditu ditu Bruselak eta SWIFT elkartetik baztertu ditu Errusiako banku batzuk. Halaber, Ukrainari armak eta ekipo militarrak erosi eta entregatzeko finantzazioa ematen ari da Europa.

Moskuk ere bai

Moskuk ere aire espazioa ixteko neurri berberarekin erantzun du eta erabaki hori hartu duten herrialdeetako hegazkinei Errusiako aire espazioa zeharkatzea debekatu die esaterako Britainia Handia, Letonia, Lituania, Estonia, Eslovenia, Bulgaria, Polonia eta Txekiar Errepublikari.

Mendebaldeko beste hainbat aire konpainia egiten ari diren bezala, Europan lider den Lufthansa taldeak larunbatean erabaki zuen Errusiarako hegaldiak bertan behera uztea astebetez.