Jon Ormazabal

Play offak ez du ezer aldatu eta ligaxkako lau onenek jokatuko dituzte finalerdiak

Unai Lasok ezarritako erritmoan ito dira egungo txapeldun ordeak eta uste baino errazago nagusitu dira Bizkarreta-Gerendaingoa eta Ander Imaz oso seguru bat (22-10).

Beste behin Unai Laso izan da partidako protagonista.
Beste behin Unai Laso izan da partidako protagonista. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Lehen faseko ligaxkan emozioak azken partidara arte iraun bazuen ere, nabarmena zen aurreko 14 asteetan Binakakoa bi zatitan hautsia zela eta asteburu honetan jokatutako play offek uste hori berdindu baino ez dute egin. 2020an sistema hau ezarri zenean lortu zuten Olaizola II.a-Urrutikoetxeak ligaxkako seigarren postutik finalerdietako ligaxkan sartzea, baina azken bi txapelketetan erregularrenek egin dute aurrera. Ostiralean Irribarria-Rezustak apur bat sufritu bazuten ere, Laso-Imazek uste baino errazago gainditu dute Peña-Albisuren aurkako kanporaketa desatsegina (22-10). Jende aldetik ere, etekin txikia atera diete enpresek hil edo biziko kanporaketa hauei eta ligaxkako azken jardunaldian ateratakoarekin konformatu beharko dute.

Izan ere, jokoan ere ezer gutxi aldatu da kanporaketa honetan orain ikusi dugunarekiko alderatuta. Atzelarien lanak protagonismo berezia hartzen duten pilotalekua da Gasteizko Ogeta, baina gaurkoan ere Unai Laso izan da partida bere aldera ekarri duena. Beldur zen aurrelari nafarra Albisuk jotako musikaren erritmora dantzatu behar izango ote zuen, baina ideiak oso garbi eta eskuinean gaur egun duen distira horri zukua ateraz, saketik hasita pilotakada bakoitzean barrenak hustuz, bera izan da soinua jo duena eta aurkariak ito ditu. Partidako estatistikek halako alderik iradokitzen ez badute ere, berak ezarritako erritmoan ito ditu aurkariak eta Ander Imaz oso sendo batek lagunduta, erraz antzera atera dute aurrera horrenbeste beldur sortzen zien konpromisoa.

Ia hasieratik ezinean

Eta onena eta txarrena egiteko gai direla erakutsi duten Peña eta Albisu, euren aldetik, ez dira iazko joko sendoa errepikatzeko gai izan eta kanporatuak izan dira oso txapelketa gora-beheratsua osatuta. Gaurko partida ez dute gaizki hasi, bi bikoteei kosta zaie euren sakearekin tantoak egitera eta lehen zortzi tantoak oso izan dira orekatu eta borrokatuak.

Hortik aurrera, ordea, gauzak asko aldatu dira. Aurkariek ezarritako erritmo itogarri horretan Jon Ander Peña presaka aritu da tantoak amaitu nahian, ez da pilotetara behar bezala jarri eta tolosarrak egindako hutsei esker egin dute gorriek lehen zulo garrantzitsua, lehen atsedenaldi luzera zortzi tantoetako aldearekin joanda (4-12). Nahi beste agindu gabe baina partida txukuna egiten ari zen Jon Ander Albisu ere pixkanaka akatsak batuz joan da eta, susperralditxoren bat ere izan badute ere, Laso-Imazek arazo handirik gabe kudeatu ahal izan dute, amaierara arte, lortutako aldea.

FITXA TEKNIKOA:

Laso-Imaz: 22

Peña II.a-Albisu: 10

Pilotakadak: 417. Iraupena: 52,47 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 12-4, 12-6, 13-6, 13-9, 15-9, 15-10, 22-10. Sakeak: 3 Lasok eta 0 Peña II.ak. Egindako tantoak: 8 Lasok, 0 Imazek,  5 Peña II.ak eta 0 Albisuk. Galdutakoak: 4 Lasok, 1 Imazek, 6 Peña II.ak eta 4 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera erdira ere ez da heldu Gasteizko Ogeta pilotalekuan, dirua hasieratik nabarmen gorri.