NAIZ

150 plaza dituen Irungo harrera gunea errefuxiatu ukrainarren esku jarri du Lakuak

Lakuak 150 plaza dituen harrera gunea prestatu du Irunen. Handik Berrizen, Oñatin eta Tolosan dauden zentroetara bideratuko dira Ukrainatik ihes egin duten familiak. Nafarroan asteazken honetan lan talde bat osatuko du Gobernuak neurriak adosteko.

Gasteizen izan den bileraren argazkia.
Gasteizen izan den bileraren argazkia. (IREKIA)

EAEko eta Nafarroako erakundeek elkartasuna adierazi diete ukrainarrei eta lehenengo pausuak eman dituzte ihesi egin duten familiei arreta humanitarioa eskaintzeko.

Hala, Lakuako Gobernuak 150 plazako gune bat prestatu du Irunen. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak astearte honetan adierazi duenez, «lehen instantziako helmuga» izango da.

«Badakigu egonaldi oso laburretarako pentsatutako baliabide bat dela. Baina, gure ustez, hala badagokio, premiazko eta aldi baterako harrera gisa eskaini genezake, harik eta beste baliabide egokiago batera bideratzea lortu arte», azaldu du Erakundearteko Mahai Sozialean parte hartu duen sailburuak.

Bertan adierazi duenez, iristen diren pertsona eta familiak Berrizen, Tolosan eta Oñatin nazioarteko babesaren eskatzaileei arreta emateko dituen hiru zentroetako batera eramatea da Lakuaren asmoa. Helburu horrekin, hiru zentroak berrantolatzen ari dira, epe ertainera eta luzera harrera-plaza gehiago izateko.

Halaber, helbide elektronikoa sortu da, herritarrak egiten ari diren eskaintza berezi guztiak antolatu eta koordinatzeko. Interesdunek honako helbide honetara jo dezakete: errefuxiatuak@euskadi.eus.

«Euskal herritarren eskaintza solidario ugari jasotzen ari gara; izan ere, gerratik ihes dabiltzan familia horientzat harrera-baliabideak eskaintzeko prest daude. Gure ustez elkartasun-erakusgarri horiek ere modu antolatuan eta koordinatuan antolatu behar dira eta, horretarako, helbide elektroniko bat gaitu dugu», esan du sailburuak.

Pasa den astean Escriva ministroari idatzi zion gutunaren berri ere eman du Artolazabalen. Lakuaren baliabideak eta elkartasuna eskaini ditu, espainiar Gobernuak eta Europako agintaritzek «ezartzen dituzten premia humanitarioei erantzuteko».

«Eusko Jaurlaritzak zenbait aldiz berretsi ditu, Europako erakundeen eta Espainiako Gobernuaren aurrean, giza eskubideak urratzen diren egoeren aurrean duen konpromisoa eta elkartasuna. Une zail hauetan, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du, berriro, eta bere laguntza eskaini du Ukrainako gerratik ihesean dabiltzan pertsonei harrera egiteko», gaineratu du.

Erakundearteko Mahai Sozialaren bilerari dagokionez, bertan izan dira hiru aldundietako, EAEko hiriburuetako hiru udaletako, Eudeleko eta migratzaile eta errefuxiatuei arreta emateko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteetako ordezkariak. Haien artean izan dira Accem Euskadi, Caritas, CEAR Euskadi, Zehar Errefuxiatuekin, Gurutze Gorria, Ellacuria fundazioa, MPDL eta Nueva Vida elkarteetako kideak.

Eta asteazken honetan Gasteizko Gobernuko ordezkariak bilduko dira EAEn finkatuta dauden ukrainarren elkarteekin, eta Txernobileko umeen harrera-familien elkarteen erakunde eta plataformekin ere.

Asteazkenean osatuko da Nafarroako lan taldea

Nafarroari dagokionez, Gobernuak lan talde bat osatuko du asteazken honetan arreta humanitarioa antolatzeko. Maria Chivite lehendakariaren esanetan, prest egotea da helburua. Eta horretarako beharrezkoa da jakitea «zer baliabide behar izango ditugun eta zer protokolo izango ditugun baliabide horiek martxan jartzeko».

Gobernua egoera gogorrenei aurre egiteko prest egon behar dela azpimarratu du Chivitek gerraren aurka agertu ostean.