NAIZ
Brusela

Ukraina Europar Batasunarentzako «hautua» izatea eskatu die Zelenskyk europarlamentariei

Euroganberan bideokonferentzia bidez hartu du parte Volodimir Zelenskyk eta gerran Europaren balioak defendatzen ari dela adieraziz, Europar Batasuneko eskubide osoko kidetzat hartu dezaten eskatu du. Europako Kontseiluko presidenteak «eztabaida gogorra» aurreikusi du.

Zelenskyk bideokonferentzia bidez hartu du parte Europako Parlamentuan.
Zelenskyk bideokonferentzia bidez hartu du parte Europako Parlamentuan. (John THYS | AFP)

Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak astelehen honetan Europako Parlamentuan egin duen hitzaldian adierazi duenez, Ukraina Errusiaren aurka gerra egiten ari da Europar Batasuneko eskubide osoko kidetzat hartu dezaten.

Euroganberan bideokonferentzia bidez hartu du parte Zelenskyk, eta Ukraina Europarentzat hautu bat izan dadila eskatu du, «Europa jada Ukrainarentzat hautua den bezala», eta berretsi du Kievek Europako baloreak defendatzen dituela Errusiaren aurkako gerran.

«Europar Batasuneko eskubide osoko kide izateko borrokatzen ari gara, eta hala garela erakusten ari gara. Europar Batasuna indartsuagoa izango da gure barruan», defendatu du agintari ukrainarrak.

Zelensky eurodiputatuei zuzendu zaie, Ukrainako gerra ardatz duen Europako Parlamentuaren ezohiko osoko bilkuran. Parlamentari askok Ukrainako banderak eta aldeko pankartak eraman dituzte. Ukrainako ikurra Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentearen atzean ere jarri da, bandera komunitarioaren ondoan.

Osoko bilkuraren hasieran, Metsolak berretsi egin du erakundeak Errusiaren erasoa gaitzetsi duela. «Europatik bidalitako mezua argia da, altxatu egingo gara eta ez dugu beste alde batera begiratuko kalean borrokatzen dutenek Putinen gerra-makina handiari aurre egin behar diotenean», adierazi du, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ikerketari babesa emanez.

Honen arabera, Errusiak Ukraina inbaditzea Europar Bastasunak Kievi babesa emateko «behar dena egiteko unea» izan behar da, eta Moskuren menpekotasun energetikoarekin amaitzea eta oligarka errusiarrekiko lotura ekonomikoak haustea eskatu du.

«Eztabaida gogorra»

Zelenskyren hitzaldia Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearen, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen eta Josep Borrell EBko Kanpo Arazoetako eta Segurtasun Politikako goi-ordezkariaren hitzaldien aurretik iritsi da.

Bestalde, Kontseilu Europarreko presidenteak Europar Batasunaren eta Ukrainaren arteko «loturak indartzearen alde» egin du, nahiz eta herrialde horren atxikimendua planteatzea goizegi dela iritzi. Eskaera «serio» aztertuko dutela erantzun dio Zelenskyri, baina «eztabaida zaila» aurreikusi du.

Astelehen honetan bertan, buruzagi ukrainarrak herrialdea klub komunitarioan sartzeko eskaera formala sinatu zuen. Eskaera urrats historikoa da, eta beste aurrerapauso bat Kievek azken urteotan hartutako ikuspegi europeistan. Asmo horiek, ordea, Europar Batasunean sartzeko prozesu zurrunarekin talka egiten dute, hamarkadak baitaramatza.

Orain, eskaera Kontseiluari zuzendu behar zaio, eta hark, 27 kideen adostasunarekin, Europako Batzordeari hautagaitzari buruzko irizpena eskatzeko urratsa egin behar du, behin betiko erabakia 27 herrialdeen baitara itzuli baino lehen.