NAIZ

Europa belikoaren arrastotik, Saski Baskonia Belgraden Izar Gorriaren aurka lehiatuko da

Maccabiren aurka galdu arren, askoz ere itxura hobea eman zuten Neven Spahijarenek eta ildo horri jarraituz behingoan 2022 honetan euroligan aurreneko garaipena nahi dute gasteiztarrek. Spahijaren debutean Serbiako taldeari 93-74 irabazi zion Baskoniak, jarraitutasunik gabeko puntu gorenean.

Matt Costello, astearteko partidako onenetako bat. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Matt Costello, astearteko partidako onenetako bat. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Tel Aviven gerraren aurkako adierazpen arranditsuak entzun eta gero, Bitci Baskoniak Europa belikoaren arrastoak jarraituz Belgraden du ostegun arratsaldean hurrengo hitzordua, Izar Gorriaren aurka jokatuko baitute 19.00etatik aurrera.

Maccabiren aurka aspaldiko itxurarik onena erakutsi zuen talde gasteiztarrak astearte gauean, baina Scottie Wilbekin eta epaileen «lan fina» tarteko, Neven Spahija eta enparauek 94-93 galdu zuten. Ondorioz, segidan zazpigarren porrota nozitu zuen eta sailkapenean 7-14 balantzearekin –Errusiako taldeen aurka izandako emaitzak aparte utzita–, azkenaurreko postuan daude orain arabarrak, Zalgiris Kaunas lituaniarra baino ez dutela atzetik.

«Tel Aviv bezalako kantxa baten irabazteko askoz hobea izan behar da. Ezin naiz pozik egon emaitzagatik, baina partidan zehar gauza on asko egin ditugu eta nik gure burua irabazletzat ikusten dut», adierazi zuen Neven Spahijak berak partida amaitu berritan. «Ez dut ulertzen zernola adierazi zidaten azken minutuetan falta teknikoa; sekula nire kirol bizitza luzean ez zait halakorik pasa. Hala ere, ez dut horretan fijatzerik nahi, baizik eta azken laurdenean erasoan harrapatu dizkiguten erasoko sei erreboteetan baizik. Hala ere, hauxe da jarraitu beharreko bidea», gaineratu zuen.

Izar Gorriaren aurka egin zuen debuta Neven Spahijak berak Saski Baskoniarekin debuta pasa den azaroan. 93-74 nagusitu ziren gasteiztarrak eta nolabaiteko itxaropena piztuko zen Euroligan behetik goranzko ibilbidea hasteko bidean. Tamalez, hurrengo neurketetan altxatzen hasitako burua berriro hondoratu zen eta 2022 urtea hasi denetik, ezin izan du oraindik Euroligan garaipen bakar bat erdietsi.

Baina Maccabiren aurka beste zerbait ikusi zen eta aurkaria bera ere, hamahirugarren postuan 10 garaipenekin, gora begiratzeko itxaropen handirik gabe dago, nahiz eta Wolters, Kalinic edo Kuzmic badiren gai Baskonia garaipenik gabe mantentzeko.

Errusia, 2025edo Eurobasketeko hautagaitzatik at

Aurrera jarraitzen dute, bestalde, Errusiaren aurkako zigorrek. Hala, FIBAk asteazken honetan ofizial egin duenez, Errusia ez da 2025eko Eurobasketa antolatzeko hautagaitzatik at geratu da. Txipre, Finlandia, Hungaria, Letonia eta Ukrainarekin batera, Errusiak berak ere antolatu behar zuen, baina aukera hori kendu diote.

Horrez gain, FIBAk antolatzen duen Emakumeen Euroligatik at ere geratu dira Errusiako taldeak, uneotan Europako indartsuenak, zalantzarik gabe: UMMC Ekaterinburg, Dynamo Kursk eta Moskuko MBA. Beren ordez, TTT Riga eta Spar Gironak jokatuko dute.