Brigate Rosse taldearen lehen abisua, gaur dela 50 urte
Italiako talde armatuak 1972ko martxoaren 3an Idalgo Macchiarini Sit Siemens-eko zuzendaria bahitu zuen, Milanon. Argazki bat atera zioten, eslogan batzuekin. Hasieran guztiek BR taldea gutxietsi zuten; laster panorama politikoaren protagonistak bihurtuko ziren.
Inoiz ez duzue aurkituko Idalgo Macchiariniren izena Italiako istorioaren liburuetan. Dena den, ziur ikusiko duzuena Brigate Rosse taldearena izango da. Italiako egoera politikoa irauli zuten Brigada Gorriek, baina abiapuntu bat behar zuten, haien indarra erakusteko, eta hori Idalgo Macchiariniren bahiketa izan zen, 1972ko Martxoaren 3an, orain dela 50 urte alegia.
Hamarkada oso iluna zen, 1970koa, Italian: kale borroka, ezkertiarrak eskuindarren kontra, eguneroko indarkeria eta tarteka atentatuaren bat, egilerik gabekoa.
Zentroan, Demokrazia Kristaua alderdia zegoen, ‘Balea Zuria’. Tarteka eskumara edo ezkerrera begiratzen zuen, unearen arabera, baina beti potererari eusten. Izan ere alderdiaren barruan hainbat korronte zeunden, bakoitza bere liderrarekin: Andreotti, Fanfani, Moro edo De Mita, denak lehen ministro izango zirenak.
Alderdi Komunistak eta Alderdi Sozialistak boto asko zituzten, baina benetako botererik ez. Eta Parlamentutik kanpo, zale gazteenak ez zeuden ez konforme ez lasai. Halako batzuek hasiko ziren borroka armatuarekin, sasian bizitzen. Jatorria unibertsitateak eta ezkerra nagusi ziren lurraldeak ziren, Emilia-Romagna «herrialde gorria» bezala. Juxtu han, Pecorile Appeninoko herrixkan, ofizialki jaio ziren Brigate Rosse direlakoak (Brigada Gorriak). Hasieran «propaganda armaturako» taldea baino ez zen.
Renato Curcio eta bere emazte Margherita Cagol, Mario Moretti eta Alberto Franceschini izan ziren BR-en lehen liderrak. Beraien ustetan, Alderdi Komunistaren borroka, faxismoa eta Demokrazia Kristauaren aurka, ez zen nahikoa, geroz eta boto gehiago lortu arren. Uruguaiko Tupamaros taldearen izarra hartu zuten ikur bezala, baina Franceschinik behin baino gehiago azaldu zuenez, «beti txarto margotzen genuen». Horregatik Brigate Rosse-ren izarra nahiko okertuta dago.
«Koska eta alde egin»
Piazzale Zavattari San Siro estadiotik gertu dagoen plaza bat da: borobila eta handia, Milanoko autobus-linea zirkularrek, 90 eta 91 zenbakidunek, geltolkia dute bertan. 1972an bertan Sit-Siemens telekomunikazioa enpresak egoitza zuen han.
Idalgo Macchiarini ingenieroa zen, enpresa horretan, zuzendari teknikoa. 42 urtekoa, emaztea eta bi alaba zituen. Antza, oso persona normala. Lana bukatu ondoren, arratsaldeko zazpiretan, Piazzale Zavattari zeharkatu zuen, Via Mosè Bianchi-ko bidean: kale hartan autoa zeukan, etxera joateko. Viale Harar-en bizi zen familiarekin, juxtu San Siro parean, ezkerraldean, nahiko goi-mailakoa den auzo batean.
Ostirala zen. Macchiarinirentzat astea bukatu egin zen. Beharbada dagoeneko asteburuari begira zen Idalgo jauna. Ez zen kotxera inoiz iritsiko: furgoneta batetik bapatean hirukote bat atera zen eta harrapatu zuten. Batek zaplasta gogor bat eman zion Sit-Siemensekoa ingeniariari eta furgonetan sartu zuten. Auskalo noiztik zituzten kontrolatuta bere mugimenduak eta ordutegiak.
Hogei minutu, besterik ez. Denbora labur honetan hiru brigadistek «epaiketa proletarioa» egin zioten Macchiariniri, eta batez ere argazki bat atera zioten. Inork ez zuen horrelakorik egin lehenago, baina estrategia zehatza zen.
Zuzendariari kartel zuri eta handi bat eskegi zioten: ‘Brigate Rosse, mordi e fuggi. Niente resterà impunito. Colpirne uno per educarne cento. Tutto il potere al popolo armato’. Izan ere «Brigada Gorriak, koska eta ihes egin. Inor ez da geratuko zigorrik gabe. Bat jo, ehun hezteko. Botere guztia herri armatuarentzat».
Argazkian Macchiarinik ezkerraldera begiratzen du: desorekatuta, antza ez daki ondo non dagoen. Epaiketa proletarioa 20 minutukoa izan zen: gero brigadistek presoa Milanoko iparmendebaldera eramango zuten, eta bertan utziko zuten, soka batekin lotuta.
Via Pizzoni-n, Gallaratese auzo popularrean, Macchiarini furgoitik atera zen, laguntzari esker. Brigate Rossekoek, une berean, ihes egin zuten, bere esamoldea betez: «Koska eta ihes egin». Paper bat utzi zuten, ekintzaren zergatiak argitzen. «Macchiarini alkandora zuria jansten duen faxista da. Hau abisua izan da, gerrari gerrarekin erantzungo diogu«, idatzi zuten, besteak beste.
«Oker dauden lagunak»
Halere, egunkariek ez zioten garrantzi handirik eman gertatutakoari. Italiak 1972an beste arazo batzuk zituen. Egia esan Brigate Rosse-ren benetako «debuta» bi hilabete aurretik izan zen, zenbait molotov koktel kotxe batzuen azpian utzi zituztenean. Kalte txikiak eragin zituzten, besterik gabe, parrafo bat baino ez Milanoko egunkarietan.
Hala ere, Idalgo Macchiariniren bahiketa pausu handi bat izan zen taldearen estrategiarentzat. Laster hasiko ziren «kanpainak», BR-k bere ekintzetarako erabiltzen zuen izena: epaileen, kazetarien eta batez ere politika eta «Estatuaren bihotzaren» kontra. Alderdi Komunistarentzat arazo oso korapilatsua bihurtuko ziren «oker dauden lagun» horiek. Gero eta zale gehiago izango zituzten Brigate Rosse-ko kideek, talde armatua izan arren: milaka lagun, Italia guztian, parte hartuko zituzten ekintzetan, baita hildakoak eragin zituztenetan ere.
1978ko Martxoaren 9an, azkenean, BR-ren ekintzarik ospetsuena izan zen: Aldo Moro Demokrazia Kristauaren presidentearen bahiketa, Erroman, bost bizkartzain hil eta gero. Beste epaiketa, beste argazki batzuk, baina oraingoan ez 20 minututan egindakoak: 55 egun eman zituzten, Aldo Moro hil zuten arte. Beharbada, Italiako Errepublikako momenturik ilunenetako bat izan zen hori.