NAIZ

Nafarroan ere Mikel Zabalza torturaren biktima gisa aitortzeko eskatu du Torturatuen Sareak

Nafarroako Torturaren Sareak Mikel Zabalza torturaren biktima gisa aitortzeko urratsak emateko eskatu du. Gogoratu duenez, Zabalzarena ez zen «kasu isolatu bat» izan. Txalotu egin du Lakuako Gobernuak biktima gisa aitortu izana.

Pasa den igandean Mikel Zabalzari Orbaizetan egindako omenaldia.
Pasa den igandean Mikel Zabalzari Orbaizetan egindako omenaldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Torturatuen Sareak Mikel Zabalza torturaren biktima gisa aitortzeko urratsak eman ditzala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, 16/2019 Foru Legeak eskaintzen dituen aukeren baitan eta aitortza eta erreparaziorako mekanismoak ezar ditzala Nafarroan dauden 1.000tik gorako tortura kasuentzat.

«Izan ere, Mikel ez zen kasu isolatu bat izan, Euskal Herri osoan sufritutako milaka tortura kasuren icebergaren punta baizik», adierazi du Sareak ostegun honetan kaleratu duen oharrean.

Era berean, Zabalza familiari «zorion eta miresmenik beroena» adierazi dio sareak azken hiru hamarkadetan Mikel torturaren biktima gisa aitortzeko egindako lanagatik. Era berean, Mikel Zabalza Gogoan herri ekimena ere zoriondu du, «azken urteotan egindako borrokagatik».

Lakuako Gobernuaren aitortza

Oharrean jakinarazi dutenez, Nafarroako Torturatuen Saretik «pozez» jaso dute Lakuako Gobernuak 12/2016 legearen baitan Mikel Zabalza biktima gisa aitortu izana, eta, beraz, «haren torturapeko hilketa aitortu izana». Orbaizetarraren heriotzaren 36. urteurrenean izan zen aitortza ekitaldia, bere jaioterrian.

Pasa den abenduan Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek elkarte gisa eratzeko erabakia hartu zuten, Nafarroan torturatuen bozgorailu izateko xedearekin.