Ipar Euskal Herriko ikasleek brebeta eta baxoa euskaraz egiteko duten eskubidea aldarrikatu du Ikastolen Elkarteak ostiral honetan Euskal Herriko ikastola guztietan egindako elkarretaratzeetan. Egoera kezkagarria dela iritzita, hizkuntza eskubideen alde gogor borrokatzeko prest direla azpiamarratu dute ordezkariek.
Baxoari dagokionez, ikasleek oraindik ez dakite zein hizkuntzatan egingo dituzten Batxilergoko Berezitasuneko bi probak eta Ahozko Handia. Antza danez, abenduaren 14ko zirkularrak dio «proba batzuk» euskaraz aurkeztu ahalko direla baina, momentuz, ezezkoan daude.
Ikastolen Elkarteak gogoratu duenez, 2019an Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Estatu frantseseko Hezkuntzak hitzarmen bat sinatu zuten «ikasleek azterketa hauek euskaraz egin ahal izateko. Hezkuntza agintariek, ordea, akordio hori berrinterpretatu egin nahi dute eta azterketak euskaraz egiteko aukera mugatu. Hitzarmena bete egin behar da, eta ikasle guztiek aukera izan behar dute Ahozko Handia euskaraz egiteko», eskatu dute.
Brebetari dagokionez, berriz, ez dute onartuko «beronen antolaketarako arazo teknikoen aitzakiarik. Bost hilabete barru izango dira probak, eta nahikoa denbora badago horien zuzenketa antolatzeko».
Justuki, brebetaren bueltan gertatzen ari dena salatu du elkarteak, agintari akademikoak «zigorren bidez» erantzuten ari baitira zenbait irakasleri. «Iragan ekainean, hainbat irakaslek bat egin zuten ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko duten eskubidearekin, eta frantsesez egindako brebetako zientzietako azterketak zuzentzeari uko egin zioten. Bordeleko Akademiari jakinarazi zioten erabakiaren berri, zerbitzua antola zezan».
Bada orain, sei hilabete beranduago, Bordeleko Akademiako Errektoretzatik esan zaie «zuzenketara ez aurkeztea justifikatu gabeko huts egite bat» dela eta irakasle horiei soldata atxikipen bat egin die.
Ziburun, Piarres Marzabal ikastolan, ozen esan dute #azterketakeuskaraz #baxoaeuskaraz #brebetaeuskaraz pic.twitter.com/uakMktaO5D
— Ikastolen Elkartea (@EHIkastolak) March 4, 2022
Era berean, «Iparraldeko ikastoletako guraso, langile eta ikasleei Euskal Herriko ikastola guztien elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu, eta erakutsi Frantziako hezkuntza agintariak ez direla ari Seaskaren aurka soilik, ikastola mugimendu guztiaren aurka baizik», erantsi dute.
Defendatu dutenez, Estatu frantsesarena ez baita soilik Seaskako komunitatearen aurkako erasoa; «hau euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da. Ikastola guztiak bat eginda gaude eraso honi aurre egiteko», adierazi dute.
Hori dela eta, euskal gizarteari dei egin diete, «Seaskako komunitateak herritarren hatsa izan dezan, Frantziako Hezkuntza agintariak ohar daitezen ez dugula onartuko gure ikasleei azterketak euskaraz egiteko eskubidea ukatzea eta prest gaudela borrokatzeko gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan arte».
Hego Euskal Herriko ikastoletan ere elkartasun elkarretaratzeak egin dituzte.