NAIZ

LABek salatu duenez, Lakuari «ez zaizkio batere axola ez ikasleak ez jangeletako langileak»

Enpresek aurkeztutako eskaintza ekonomikoak aztertu ondoren, LAB sindikatuak berretsi du azken hilabeteetan salatu duena, «alegia, Hezkuntza Sailari ez zaizkiola batere axola ez ikasleak ez jangeletako langileak; azken batean, ez duela kalitatezko jangela zerbitzuaren alde egiten».

LABek gaur goizean Bilbon egindako agerraldiaren argazkia.
LABek gaur goizean Bilbon egindako agerraldiaren argazkia. (LAB)

LAB sindikatuak ostiral honetan salatu duenez, «Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailak bidea libre uzten die, berriz ere, ikastetxe publikoetako jangelak kudeatzen dituzten kolektibitate-enpresei dirua irabazten jarrai dezaten, langileen lan baldintzak okertuz eta ikasleentzako janaria egiteko elikagaien kalitatea nabarmen murriztuz».

Hala adierazi du Bilbon eskainitako agerraldian. Bertan gogoratu duenez, abenduan publikoki salatu zuen EAEko Hezkuntza Saila «gehiago arduratu zela jangeletako lizitazio berrietan eskola publikoetako jangelak kudeatzeko esleipendun izango ziren enpresez, langileez eta ikasleez baino».

«Bada, aste honetan argitaratu dituzte enpresek aurkeztutako eskaintza ekonomikoak, eta berretsi besterik ez dute egin LAB sindikatuak azken hilabeteetan salatu duena, alegia, Hezkuntza Sailari ez zaizkiola batere axola ez ikasleak ez jangeletako langileak; azken batean, ez duela kalitatezko jangela zerbitzuaren alde egiten», gaineratu du.

Izan ere, enpresa batzuek 21,78 euro eta 23 euro arteko eskaintza egin dute jangelako langileei dagokienez, lizitazioan gehieneko prezioa 26,37 eurokoa izanda. Era berean, menuari dagokionez, enpresa batzuek lehen plater baterako 0,92 euro eskaini dituzte, gehieneko prezioa 1,18 eurokoa izanda; eta postrearentzat 0,15 euro, gehieneko prezioa 0,30 eurokoa izanda.

Sindikatuaren esanetan, «argi dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berriro ere bidea libre uzten duela kolektibitateetako enpresek dirua irabazten jarrai dezaten, eta horrek eragin oso negatiboa du langileen lan baldintzetan eta ikasleen janaria egiteko erabiltzen duten elikagaien kalitatean».

«Nola onar dezake Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hezkuntza zerbitzu publikoa eta diru publikoarekin kudeatzen duten enpresa pribatuek ikasleen elikadurarekin eta langileen lan baldintzekin jolastea?», galdetu du, eta salatu du Hezkuntza Saila ez dela bere erantzukizuna bere gain hartzen ari.

«Gainera, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragile eta sindikatuekin izandako topaketetan jakinarazi zuen lote kopurua handitzearen helburuetako bat tokiko enpresek lizitazioetan sartu ahal izateko aukera izatea zela. Baina multinazionalen presentzia handitzea besterik ez du lortu», azpimarratu du.

Eta elikagaiek janaria egiteko duten garrantziaz gain, janaria non egiten den ere kontuan hartu behar dela ohartarazi du. Zentzu honetan, ikastetxe guztiek janaria ikastetxean bertan egin ahal izateko sukalde bat izan behar dutela aldarrikatu du. LABek dei egin die hezkuntzako eta gizarteko eragileei eta gainerako sindikatuei indarrak batzeko, «Jokin Bildarratzi esateko jangela duinak eta kalitatezko elikagaiak nahi ditugula».