Ion Salgado

Zartada, egungo egoerari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat Gasteiztik

Martxoaren 18, 19 eta 20an Zartada ekimena izango da Gasteizen. Gazte eragileen batasuna eta elkarlana sustatzea du helburu, egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat» emateko.

Gazteek pairatzen dituzten arazoak aztertuko dituzte Gasteizen izango den ekimenean.
Gazteek pairatzen dituzten arazoak aztertuko dituzte Gasteizen izango den ekimenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Martxoaren 18, 19 eta 20an Euskal Herriko gazteek hitzordu bat dute Gasteizen. Bertan izango da Zartada ekimena, «egun bizi dugun testuinguruari gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat» ematea duena helburu. 

Izan ere, Zartada sortu da «egungo sistemak hamaika zapalkuntza eragiten dizkigulako eta gazteon bizitzaren prekarizazioa eguneroko ogi bilakatu delako eta gainera pandemiaren gestioak eragindako egoerak aurreko guztia areagotu besterik ez duelako egin».

«Egoera honen aurrean arrakalak sortu eta beste eredu bat posible dela» ikustarazi nahi du Zartadak, «hamaika aldarri» plazaratuz. «Borroka ezberdinak ezagutuko ditugu, problematika ezberdinen inguruan hausnartuko dugu eta askoz gehiago ere», adierazi dute antolatzaileek dosier batean.

Bertan agertzen dira ekimenek, besteak beste, euskal zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldarria, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidearen defentsa, lan duinen beharra eta etxebizitzarako eskubidearen aldarrikapena barnebiltzen dituzte. Halaber, eredu jasangarriagoak proposatuko dituzte egungo krisi ekologikoari aurre egiteko, kontrol sozialarekin amaitu behar dela ozen esango dute, eta «doakoa, kalitatezkoa, unibertsala, balore feministak lantzen dituena eta pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen digun hezkuntza» exijituko dute.

«Neska gazteon zein genero disidente eta sexu disidente guztionganako biolentziekin» amaitu behar dela adierazi dute, eta Euskal Herria harrera herria bilakatu behar dela. «Eskubide berdinak guztiontzat izan behar direla aldarrikatu behar dugu, migrazioaren kontrako legeak bertan behera geratzeko eskatzen dugu», gaineratu dute.

Egitarau oparoa

Aipatutako gaiak lantzeko egitarau oparoa prestatu dute. Martxoaren 18an, ostiralean, gazte botereari buruz hitz egingo dute Egakume neska taldeak, Amarauna sareak, eta Amurrioko eta Aztarrika Gazte Asanbladek. Ager Vasconumeko gazteek, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Gu ere bagara Bilbo! Mugimenduak gazte mugimenduaren egoera aztertuko dute, «kontzientziatik antolakuntzara». Sastraka, Taupada eta Sorginola gaztetxeetako kideek ere hartuko dute parte, eta Ziztako kideek Aliantza transmaribibollo tailerra egingo dute.

Larunbatean, Ikamak hezkuntzari buruz hitz egingo du, eta Aroztegiaren aurkako mugimenduak, Araba Bizirik ekimenak, Sukar Horiak eta AHTrik Durangaldeak borroka ekologistari buruzko mahi-inguruan parte hartuko dute. Zumaiako Etxebizitza Asanbladak, Galdakaoko Etxebizitza sindikatuak eta Errekaleor Bizirik! Ekimenak etxebizitzaren egoera jorratuko dute. Eta Kaskagorrik, Zizpa gazte konpartsak eta Gazte Karpako kideek jai herrikoiei buruz hitz egingo dute.

Arratsaldean mobilizazio bat izango da, Artium Museotik abiaturik. Eta igandean asanblada orokorra egingo dute, etorkizunera begira eman beharreko pausuei buruz eztabaidatzeko. Zentzu honetan, Zartadako kide batek NAIZi azaldu dioenez, helburua da duela bederatzi hilabete martxan jarritako lanari segida ematea. «Jarraipen bat izan nahi dugu, baina oraindik ez dakigu zer formarekin. Gure nahia da eragile ezberdinen arteko harremanak erabiltzea gazte olatu bat artikulatzeko», adierazi du.

Izan ere, Zartadaren oinarriak batasuna eta elkarlana dira: «Atomizazio egoera batean gaude, eta batasuna eta elkarlana inoiz baino beharrezkoagoak dira».