Gehiengo zabalarekin, larunbatean Baionako Lauga gelan egin den bileran Euskal Elkargoko hautetsiek araudi berria onartu dute, alokairu turistikoak kontrolpean mantendu ahal izateko. Etxebizitzaren krisiak goia jo du Ipar Euskal Herrian, batez ere bigarren etxebizitzek eta Aibnb bezalako plataformek eragiten duten alokairuen prezioen igoera dela medio. Horrek ezinegona sortu du, eta horren isla iragan urteko azaroan Baionan bildu zuen manifestazioak.
Paris, Bordele eta Niza bezalako hiriburuek dagoeneko hartu dituzte neurriak. Orain Euskal Elkargoak ere konpentsazio egitasmoaren aldeko araudia onartu du. Helburua argia du: alokairu turistikoen ugalketa gelditu eta urte osoko alokairuak bultzatu. Ekainaren 1ean jarriko da indarrean 24 udalerrietan.
Neurri berri honek 11.000 etxebizitzengan izan eragin dezake. Etxebizitza urtean 120 egun baino gehiago alokatzen duten jabeei aplikatuko zaie, baita bigarren etxebizitza turistei epe laburretan alokatzen dietenei ere.
Philippe Aramendik (EH Bai), Urruñako alkateak, bertan zeudenen sentimenduak laburbildu ditu: «Hautetsiak izanik, hemen behar orokorraren izenean jokatu behar dugu, eta ez pribatuen alde».
Espero zen bezala, Kotte Ecenarrok, Hendaiako alkateak, ez zuen parte hartu bozketan. Hain zuzen, duela egun batzuk interpelazioa egin zion Euskal Elkargoko lehendakariari, Jean-René Etchegarayri, bozketa atzeratu zezala eskatuz, araudi berria, haien irudiz, «desegokia» zela esanez.
Neurri honen helburuarekin bat omen dator; ez , ordea, ematen zaion erantzunarekin. Beldur baita, egoera berri hau ikusirik, jabeek «prezio espekulatiboetan salduko dituztela beren etxebizitzak, eta horrek Ipar Euskal Herriko krisia areagotu egingo du».
Biarritzeko hautetsi guztiek aldeko botoa eman zuten. «Jakina, ez da panazea bat, baina urrats txiki bat da», esan zuen Maider Arosteguy Biarritzeko alkateak.
Mathieu Bergé eta Mixel Esteban baionarren aburuz, konpentsazio araudi berri hau behar bezala indarrean jartzeko kontrol sistema bat jarri beharko dute martxan.
Alda mugimendua, araudi berri honen aldeko sustapen-lan garrantzitsua egin duena, pozarren azaldu da. «Aurrerapen handia da, etxebizitzen krisian eragin zuzena izango duena».