NAIZ

Ukrainako gudak II. Mundu Gerratik Europan egon den errefuxiatuen exodo azkarrena eragin du

1,5 milioi errefuxiatuk baino gehiagok Ukraina utzi dute gerratik ihesi Errusiak erasoaldia hasi zuenetik. II. Mundu Gerraz geroztik Europan azkarren hazten ari den exodoa da.

Ukrainako errefuxiatuak aldi baterako aterpe batean, Krakoviako (Polonia) tren geltoki nagusian.
Ukrainako errefuxiatuak aldi baterako aterpe batean, Krakoviako (Polonia) tren geltoki nagusian. (Louisa GOULIAMAKI | AFP)

Ukrainako 1,5 milioi errefuxiatuk baino gehiagok inguruko herrialdeak zeharkatu dituzte duela hamar egun Errusiak erasoaldia hasi zuenetik, Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisarioak (ACNUR) igande honetan berretsi duenez. II. Mundu Gerratik Europan azkarren hazten ari den exodoa da.

Igande honetarako nazioarteko balantzearen eguneratze zehatzik ez dago, baina jakina da Poloniak errefuxiatuen guztizko populazioaren erdia baino gehiago hartu duela: ia 925.000 gerra hasi zenetik.

ACNURen arabera, Hungariak 169.000 errefuxiatu hartu ditu,  Eslovakiak 113.000 inguru eta Errumaniak 70.000 inguru.

Beste 37.800 errefuxiatu iritsi dira Alemaniara erasoaldiaren hasieratik, herrialdeko Barne Ministerioak berretsi duenez. Karteraren titularrak, Nancy Faeserrek, igande honetan esan du agintariek Ukrainako gerratik ihes egiten duten errefuxiatuak onartuko dituztela, nazionalitatea kontuan hartu gabe.

ACNURek Moldaviara iritsitako 85.000 ukrainarren berri ematen duen arren, herrialdeko Gobernuak kopuru askoz handiagoak eman ditu: 250.000 iritsiera izan direla esan du.

Kopuru horri gehitu behar zaizkio Moskuk aitortutako 181.000 pertsonak (horien artean 48.000 haur), orain Errusian daudenak, Errusiako segurtasun-indarrek igande honetan argitaratutako zifren arabera.

ACNUReko buruak, Filippo Grandik, asteazkenean salatu zuen zazpi egun besterik ez zirela behar izan mundua «Ukrainako milioi bat errefuxiatuk inguruko herrialdeetara egindako exodoaren» lekuko izan zedin.

Hala, azpimarratu zuen «beste milioi askorentzat, Ukrainaren barruan, armak isiltzeko garaia dela, biziak salbatzen dituen laguntza humanitarioa eman ahal izateko».

NBEk aurreikusten du, gainera, errefuxiatuen kopurua 5 milioira irits daitekeela.