NAIZ

Euskaraldia Nafarroan gauzatzeko hitzarmena sinatu dute proposamen berriekin

Hitzarmenaren baitan proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta jantziago burutu ditzaten. ‘Hitzez ekiteko garaia’ lelopean, azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da Euskaraldia.

Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute astelehen honetan.
Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena berritu dute astelehen honetan. (Euskaltzaleen Topagunea)

Euskaraldiaren edizio berria urtearen amaieran izango den arren, erakundeak lanean ari dira berau prestatzeko eta, besteak beste, helburuak bete asmoz estrategiak birpentsatzen. Norabide horretan kokatzen da astelehen honetan Nafarroako Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak egin duten bilera. Bertan, lurraldean Euskaraldia gauzatzeko hitzarmena berritu baitute-eta.

Hitzarmen honen baitan, Euskaraldiak proposamen berriak egingo dizkie partaideei, orain arteko ahobizi eta belarriprest rolei eutsita, landu nahi dituzten hizkuntza portaerak errazago eta  jantziago burutu ditzaten. Era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren  ariguneak finkatzeko urtea izango da hurrengoa.

Oskar Zapata, Nafarroako Topaguneko Zuzendariak gogora ekarri duenez, «Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Izan ere, egitasmoak helduen aktibazioa du oinarri, gutxieneko baldintza euskara ulertzea delarik».

Aurtengo leloari aipua eginez, Zapatak ‘Hitzez ekiteko garaia’ dela azpimarratu du. «Euskaraz hitz egitea errazago izan dadin kaleak eta plazak betetzeko garaia heldu da, ilusioz, arduraz, gogoz, emozioz...».

Hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da. Honen baitan, belarriprestek eta ahobiziek aukera berriak izan ditzaten bermatzeko elkarlana nabarmendu du, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune.

Hitzarmenaren sinaduran parte hartu du, Zapatarekin batera, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria. Berak adierazi duenez, «euskara, batez ere,  komunikaziorako tresna bizia da. Horregatik, hiztun berriekin dugun konpromisoa defendatzen dugun bezala, haien prestigioa eta sustapena bultzatzeko egunez egun lan eginez, Euskaraldia bezalako ekimen garrantzitsuak babesten ditugu, non herritarrek erakusten diguten ekintza kolektiboa gai dela topiko interesatuak gainditzeko eta hizkuntzaren inguruan aukera eta balio positiboen mundu bat zabaltzeko», esan du.

Ariguneei dagokienez,zenbait argibide eman dituzte. Lehenik eta behin, gogorarazi dute «lasai euskaraz aritzeko guneak» direla, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen baitute une oro, «izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean».

Topaguneak helarazi duen prentsa oharrean jasotzen denez, mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte Euskaraldian ariguneekin (erakunde publikoak, gizarte eragileak, enpresak, kooperatibak, kultur eta kirol elkarteak, eta abar luze bat. «Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan», zehaztu dute.

Azkenik, datozen epe batzuk kontuan izatera dei egin dute. Maiatzean hain justu ariguneen izen-ematearen irekiera izango da, eta ekainean Euskaraldiko abestiaren aurkezpena izango da. Udararen ostean, irailean, lorpenak eta erronkak aurkezteko ekitaldi nagusia egingo da eta belarriprest eta ahobizien izen ematea zabalduko da.