NAIZ

Zabalzaren hilketari buruzko agiriak argitara ateratzea eskatuko dio EAJk Sanchezi

EAJk berriro galdetuko dio Pedro Sanchezi ea Mikel Zabalzaren heriotzari buruzko dokumentuak desklasifikatuko ote dituen. Lakuako Gobernuak poliziaren indarkeriaren biktima deklaratu zuen aurreko hilabetean. Asteazkenean luzatuko dio galdera, Kongresuan.

Mikel Zabalzari omenaldia Orbaitzetan.
Mikel Zabalzari omenaldia Orbaitzetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaile Aitor Estebanek asteazkenean galdetuko dio Pedro Sanchez Espainiar Gobernuko presidenteari Mikel Zabalzaren kasuari buruzko dokumentazioa argitara emateko asmorik duen.

Lakuako Gobernuak otsailaren amaieran aitortu zuen Mikel Zabalza motibazio politikoko indarkeriaren biktima izan zela, EAEko polizia-abusuen Legea deiturikoaren Balorazio Batzordeak aho batez erabaki ondoren gazte nafarraren heriotza «legez kanpokoa» izan zela eta aurretik «tortura larriak eta tratu anker eta iraingarriak» jasan izan zituela, Donostiako Intxaurrondoko kuartelean. Zalantza bakarra hauxe da: baineran sartuta edota buruan poltsa jarrita ito ote zuten.

Iazko martxoan, EAJk jadanik beste ekimen bat aurkeztu zuen gai horren inguruan, Juan Alberto Perote garai hartako Cesid koronelaren eta Pedro Gómez Nieto Guardia Zibilaren kapitainaren arteko elkarrizketa baten audioak zabalduak izan ondoren. Elkarrizketa horretan, Mikel Zabalza Donostiako kuartelean torturatzen zuten bitartean hil zela zioten.

Hala ere, espainiar Parlamentuko gehiengo batek, PSOEk barne, errefusatu egin zuen kasuari buruzko dokumentazioa desklasifikatzea eskatzea eta Fiskaltzari eginbideak berriro irekitzeko proposatzea. Eginbide horiek auziaren instrukzioan artxibatu ziren.

Ministro Kontseiluaren eskuetan dago sekretupean diren agirian desklasifikazioa bultzatzea, baina Sanchezen Gobernuak ez du horretarako asmorik agertu, ez kasu honetan ez eta gainerakoetan ere.

Orain, EAJk berriro eraman du kasua Behe Ganberako Osoko Bilkurara eta asteazkenean erantzuna eman beharko dio Pedro Sanchezek.