NAIZ

Maskara ez da derrigorrezkoa izango Ipar Euskal Herriko enpresetan martxoaren 14tik aurrera

Maskarak derrigorrezkoa izateari utziko dio frantziar Estatuko enpresetan martxoaren 14tik aurrera. Egun horretan bertan, txertaketa ziurtagiria eskatzeari utziko zaio hainbat espazio publikotan sartzeko, hala nola zinemetan, antzokietan, museoetan edo kiroldegietan.

Martxoaren 14tik aurrera maskara ez da derrigorrezkoa izango Ipar Euskal Herriko epresetan.
Martxoaren 14tik aurrera maskara ez da derrigorrezkoa izango Ipar Euskal Herriko epresetan. (Guillaume FAUVEAU)

Elisabeth Borne frantziar Lan ministroak astearte honetan LCI katean egindako elkarrizketa batean iragarri duenez, datorren asteko astelehenetik aurrera «ez da osasun protokolorik egongo enpresetan». Horrek esan nahi du «arau normaletara» itzuliko dela, hau da, covid-aren krisia lehertu aurretik zeuden higiene xedapenetara.

Ministroak azaldu duenez, martxoaren 14tik aurrera ez dira errespetatu beharko kutsatzeak eragozteko lan munduan ezarri ziren urruntze arauak, eta horixe bera gertatuko da jantoki kolektiboetan. Hala ere, eskuak garbitzeko edo gainazalak garbitzeko aholkuen gida praktiko bat mantenduko da.

Telelanari dagokionez, enpresen esku geratu den kontua dela gogorarazi du.

Horretaz gain, Gobernuak aurreko astean aurreratu zuen bezala, hilaren 14tik aurrera maskara ez da derrigorrezkoa izango izaera publikoko espazio itxietan, hala nola zinemetan, antzokietan, museoetan edo kiroldegietan. Hala ere, garraio publikoetan maskara erabiltzen jarraitu beharko da. Era berean, aurkeztu behar den txertaketa ziurtagiria (immunizatu izanaren froga) eskatzeari utziko zaio.

Koronabirusaren intzidentzia tasa nabarmen jaitsi da azken hilabete eta erdian frantziar Estatuan, 100.000 pertsonako 500 kasu pasatxo izan arte, argitaratutako azken zifra ofizialen arabera. Otsailaren hasieran Estatuak egunean 33.000 kasu baino gehiago zituen, eta astelehen honetan 22.208 kutsatze izan dira.