Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Nerea Eizagirre: «Aurrera jarraitu behar dugu, atzera begiratu gabe»

Bolada txarra gainditu ondoren, Realeko kapitainak prest ikusten du taldea bigarren postuari eusteko.

Eizagirrek Zubietan hitzegin du entrenamenduaren ostean.
Eizagirrek Zubietan hitzegin du entrenamenduaren ostean. (Real Sociedad)

Eibarren kontra lortutako garaipenak bolada txarrarekin amaitu eta Realaren bigarren postua sendotu zuen. Garrantzia ez datza bakarrik hiru puntu lortzearren, taldeak partida aurrera atera zuen moduan baizik, eta denboraldiko azken txanpari ekiteko hortan oinarritu dezakeen hobekuntzan.

Horrela azaldu du Nerea Eizagirrek Zubietan eskainitako prentsaurrekoan. «Garaipen garrantzitsua izan zen. Etenaldiaren aurretik ez genuen sentsazio onekin amaitu baina taldea ondo etorri da. Vila-real gainditu genuen Kopan eta igandean lehen zatian kostatu zitzaigun baina bigarrenean taldea hobe sartu zen partidan eta pozik amaitu zuen», esan du. «Asko ikasiko dugula uste dut –gaineratu du–. Lehen zatitik gauza asko atera behar dugu hobetzeko eta bigarren zatitik, mantentzeko».

Bereziki garrantzitsutzat jo du ikasi beharreko hori, azken zazpi jardunaldietan txuri-urdinek sailkapenaren behealdeko aurkari askoren kontra jokatuko baitute. «Ez dakit zer den zailagoa, beheko edo goiko taldeen kontra jokatzea azken txanpa honetan», onartu du baina argi dauka hemendik aurrera, igandean gertatu zen bezela, «atzean geratuko diren talde asko topatuko ditugula. Eta gero kontraerasoan saiatuko direnak. Badakite guk baloia ondo mugitzen dugula eta normalean partiden jabe izaten garela. Eta nik uste dut horrelako partida asko aurkituko ditugula, beraiek arean ondo gordeta, asko itxiko direla beraien artean kontraerasora jokatzeko. Eta taldeak, baloia galdu eta lehen presio horretan hobetu behar du eta atzeraka korrika egiteko unean taldea izan, denok defentsiboki lan gehiago egin. Nik uste dut igandeko lehen zatitik gauza asko aterako ditugula», azpimarratu du.

Hobekuntza horrekin eta taldeak aurretik dakarren lanarekin eta ibilbidearekin, Realeko kapitainak prest ikusten du taldea bigarren postuari eusteko. Eta ez du espero presioak min egingo duenik, egoera «bakoitzak modu desberdinean bizitzen» duela aitortu arren. «Batzuek presioa nabaritzen dute. Ni, adibidez, lasai nago, taldeak partidak ondo lehiatzen dituela uste dudalako. Aurten oso talde konpaktoa gara gauza askotan, defentsiboki ere jende askok egiten du lan ondo. Egia da bolada txar horretan atzean kosta egin zitzaigula. Nik eduki nuen sentsazioa aurkariek irabazi baino, guk galdu genituela partidak. Badakigu gauzak ondo egiten baditugu, hiru puntuak guretzat direla. Eta hemendik aurrera finalak izango balira bezela hartu behar ditugu partidak, gutxi falta delako, bigarren postua gertu daukagulako eta bigarren postua nahi dugulako».

Eizagirreren ustetan, Real Madril eta Atletico dira aurkari indartsuenak baina bigarren postua, egun, txuri-urdinena denez, nahiago du besteetan larregi ez pentsatzea. «Gu gurea ondo egiten saiatu behar gara. Partidak irabazten baditugu, bigarren postua gurea izango da. Beraz, aurrera jarraitu behar dugu, atzera ahalik eta gutxien begiratuz».

Hurrengo urratsa Betisi egingo dion bisitan ematen saiatuko da Reala baina sahietsezina da datorren astean izango duen erronkan pentsatzea; Bartelonaren kontrako Kopako kanporaketa, alegia. Eta aurkari gustokoena ez bada ere, Eizagirre baikor agertu da kasu honetan ere. «Egia da erronka zaila dela, baina aukerak ere baditugu. Hemen beraien kontra jokatu genuenean, lehen zatian, nahiz eta 0-2 amaitu, sentsazio onak izan genituen. Badakigu nolako taldea den, baita ze unean dauden ere; lesioak, jokalari garrantzitsu batzuen falta… Ez dut partida botatzen, ezta gutxiago ere! Gainera Kopa guretzat berezia da. Aukera dagoela pentsatu behar dugu», amaitu du.