ELA sindikatuak 125.000 euro eskatu dizkio Iruñeko Sephora dendataz arduratzen den enpresari 2020an deitutako greban askatasun sindikala urratzeagatik.
Sindikatuak auzitara eraman du Sephora, «langileek beren lan-baldintzak hobetzeko egin zuten grebaren funtsezko eskubideen aurka eraso egiteagatik, sindikatuko hainbat afiliatu zigortu eta kaleratu baitzituen», adierazi du prentsa-ohar batean.
Gaineratu 2020ko otsaileko greba horretan enpresaren jarrera negoziazioaren aurkakoa izan zela beti eta jarrera «oso oldarkorra» erabili zuela lanuztea egin zuten langileen kontra.
ELAk adibide gisa aipatzen du, besteak beste, enpresa demandatuak «ELAko bi ordezkariak zigortu eta kaleratu zituela, jarduera sindikala eta grebarako oinarrizko eskubidea gauzatzea galaraziz». Hori dela eta, sindikatuak 125.000 euroko kalte-ordaina eskatzen dio Sephora enpresari.
Halaber, sindikatuak gogorarazi du 2020ko greban parte hartu zuten langile guztiak emakumeak zirela eta 900 euro inguruko soldatak jasotzen dituztela beharginek: «Emakume horien lan-baldintzak eta, beraz, bizi-baldintzak hobetzeko greba izan zen. Greba feminista izan zen, eta borroka hori epaitegian ematen ari da oraindik».
Sephorako zuzendaritzak berak aurretik jo zuen epaitegietara, 2020an langileek egindako greba legez kanpokotzat jo zedin saiatzera.