NAIZ

ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu dute, hitzarmena blokeatzen ari dela salatzeko

Gora Garbitzaileak kolektiboak, LAB eta ESK sindikatuen laguntzarekin, ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu du Bizkaiko hitzarmena blokeatzen ari delako salatzeko. Martxoaren 31n greba egingo dute.

Langileek ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu dute hitzarmena blokeatzen ari dela salatzeko.
Langileek ISS Facility Services garbiketa enpresa okupatu dute hitzarmena blokeatzen ari dela salatzeko. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gora Garbitzaileak kolektiboak joan den astean egin zuen lehen protesta ekintza, Bilboko iturriak kolore morez tindatuz, hirian dauden gizonen estatuetatik eskularruak eta fregonak zintzilikatuz eta Udaletxeko zubitik neurri handiko pankarta bat askatuz. Astearte honetan, berriz, LAB eta ESK sindikatuen laguntzarekin, Bizkaiko Garbiketa hitzarmenaren aldeko bigarren protesta ekintza egin dute. Hala, hainbat langilek ISS Facility Services enpresak Bilbon dituen bulegoak okupatu dituzte Bizkaiko Garbiketa hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari dela salatzeko.

ISS Facility Services garbiketa enpresaren sarrera moztu dute langileek. (LAB)

Azaldu dutenez, ISS Danimarkako multinazionalak 2.000 langile inguru ditu Bizkaian. Bere bezeroen artean, Basauri edo Getxoko Udalak, BEC, Amazon edo CocaCola nabarmentzen dira.

«Data ere ez dugu ausaz aukeratu. Atzo, martxoaren 8an, enpresak bere plantilla osatzen dugun emakumeak goraipatu gintuen eta, hurrengo egunean, soldata duinak ukatzen jarraitzen digu. Guretzat egun guztiak direlako martxoaren 8a. Izan ere, gu, sektore feminizatu eta prekarizatu batean lan egiten dugunok, prest gaude eurena bezalako erraldoiei urteko egun guztietan aurre egiteko, gure lanak eta soldatak duindu arte», gaineratu dute Gora Garbitzaileak plataformako kideek.

Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren aldeko bigarren protesta egin dute langileek. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Era berean, martxoaren 31n grebara joango direla aurreratu dute, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko; urtean gutxienez 1.200 euroko 15 pagarekin.