NAIZ

Langile bat hil da Baionan, garraiatzen ari zen garabia lurrera erori ondoren

Istripu larria gertatu da asteazken honetako arratsalde hasieran Baionako Santespiritu auzoan. Langile bat hil da baliatzen ari zen garabia lurrera erori ondoren.

Ondoko eraikin baten kontra talka egin ondoren lurrera erori da garabia.
Ondoko eraikin baten kontra talka egin ondoren lurrera erori da garabia. (Willy ROUX | MEDIABASK)

Istripu larria gertatu da Baionako Santespiritu auzoan. Eraikin batean lanean ari zen garabia lurrera erori da. Horren ondorioz garabia garraiatzen ari zen langilea hil egin da.

Alsace-Lorraine bulebarrean gertatu da ezbeharra. Oraindik argitu ez diren arrazoiengatik lanean ari zen garabia erori egin da eta alboko eraikinaren kontra egin du talka.

Suhiltzaileak eta sorospen zerbitzuak berehala bertaratu dira istripua gertatu den tokira, aipaturiko bulebarreko 40. zenbakian.

Hala ere, garabia garraiatzen ari zen langilearen bizia salbatzeko ezin izan dute ezer egin. France Bleu irratiak eman duen albistearen arabera bertan hil da behargina. Baionako prokuradoreak iragarri duenez justizia ikerketa abian emanen dute.

Erori den garabia, beste ikuspuntu batetik. (Willy ROUX/MEDIABASK)

Ez da beste inor zauritu, baina 22 lagun, horien artean 4 haur, ebakuatu behar izan dituzte, garabia ondoko eraikinaren gainera erori baita.

«Bizpahiru lagun artatu behar izan dituzte shock egoeran zirelako, istripua bortitza izan delako», azaldu dio Mediabask hedabideari Jean-Rene Etchegarayk.

Baionako auzapezak zehaztu duenez garabia Alsace-Lorraine bulebarreko 40. zenbakian dagoen eraikinetik gaindi igaro da, eta talka egin ondoren errepidera erori da». Horren ondorioz, hainbat autok ere kalteak ukan dituzte.

Alsace-Loraine bulebarren trafikoa itxi dute eta herriko etxeak gidariei zuzendutako mezua zabaldu du sare sozialez bidez kale horretatik igaro ez daitezen. Etchegarayk baiezatu duenez bihar arte ez dute berriz ere errepide hori irekiko.

Elkartasun mezuak eta salaketak

Euskal Herria Baik, alde batetik, eta Generation.s alderdiko Julien Delionek bestetik lan istripuaren gainean samin azaldu dute sare sozialen bidez. Elkartasuna adierazi diote, bide batez biktimaren familiari. Ildo beretik, Jose Mendes Alderdi Sozialistako Baionako sekzioko buruak dolumin mezua helarazi dio hildakoaren familiari.

Justiziak istripuari buruz argia egin behar duela gehitu du, bide batez «poliziek, suhiltzaileek eta Baionako erietxeko zerbitzuek eginiko lana nabarmenduz.

Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuak «aski da!» mezua zabaldu du ere lan istripuari buruz bere kezka agertuz sare sozialen bidez.

Frantses Estatuan bezala ez da lan istripuen zenbaketa ofiziala egiten. Alta, bada ekimen bat hutsune hori hala hola betetzeko. Kondaketa alternatibo horren arabera 2022an dagoeneko 68 langile hil dira Hexagonoan.

Twiterren bidez beste hainbat herritarrek dolumin mezuak zabaldu dituzte. Beste batzuk garabiak gainera erori den etxebizitzetan bizi diren lagunen lekukotasunak jaso dituzte. Azalpe horiek argiki erakusten zuten «une latzak» àsa dituztela auzoek.

Emazte bat terrazan zelarik erori da garabia eta gutxigatik salbuan jartzeko denbora ukan du. Beste batek etxeko egongela zelarik entzun du besaulkia dardar jarri zuen «animaleko arrabotsak».