Oñatiko Larraña etxean daude Kseniia Vynnychenco eta Osakna Lezhnina, errefuxiatu ukrainarrak. Asilo-eskatzaileen harrera-zentrora iritsi berri dira haien seme-alabekin, kotxez 3.000 kilometro egin ostean.
Lezhnina otsailaren 24an irten zen Irpinetik, Natasha alabarekin eta honen haur txikiarekin, bien senarrak, semeetako bat eta gainontzeko lagun eta senideak han utzita. «Bidaia luzea» izan dela esan du Natashak, hilabete gutxi dituen haurra besotan hartuta. Martxoaren 4ean iritsi ziren Oñatira. «Otsailaren 24 goizean alabaren senarrak abisatu zigun inbasioa hasi zela. Esperantza geneukan ez zela benetan izango. Har genezakeen gutxi hori hartuta atera ginen», azaldu du Lezhninak.
Dozena bat kameraren aurrera agertu dira emakume ukrainiarrak, Euskal Herrira iritsi diren lehenengotariko errefuxiatuak. Lakuako Gobernuak eta Zehar Errefuxiatuekin GKEak kudeatzen duten Oñatiko harrera-zentroan hartu dute aterpe. Asteazken arratsalde honetan Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendaria eta Arantza Chacón Zehar Errefuxiatuekin erakundeko zuzendaria ere izan dira Larraña etxean.
Beraien herrialdea beldurragatik utzi zutela onartu dute ukrainarrek, asko pentsatu gabe, eta beldurrez direla han geratu direnak: Lezhninak esan du 13 egunean 50 haur hil dituztela Irpinen, eta «dena» suntsitu dutela soldadu errusiarrek.
Egun berean egin zuen alde Vynnychencok Vishgorod hiritik, Kiev ondotik, adin-txikiko hiru seme-alabentzako leku seguru baten bila. Bidaia lagun batekin eta haren bi seme-alabekin egin zuten, kotxez, baina bakoitzak bere bidea hartu zuen gero. «Beldur nintzen, hegazkinak bonbardatzen hasiak ziren eta haurrak sukarra zuen. Nire aukera bakarra herrialdea uztea zen», azaldu du.
Pribilegiatuak sentitzen dira, herrikide asko Ukrainan gelditu direla jakitun. Tartean, Vynnychencoren ama, soto batean ezkutatuta: «Ahul eta ezgai sentitzen naiz, ezin dudalako ezer egin berarengatik. Lagunek, senideek, ez dakite bihar zer pasatuko den».
Oso eskertuta daude Euskal Herrira iristean jaso duten laguntzagatik; izan ere, egun gutxi hauetan, beren seme-alabek lagun berriak egin dituzte eta «gerratik babestuta» sentitzen dira. Ukrainako hurbilekoekin harremanetan daude Internet eta Whatsapp bidez.
Sare solidarioa eta baliabideak
Madrilgo Gobernuaren eskumena da asilo eskatzaileen sistema, baina hortik kanpo geratzen diren errefuxiatu batzuk artatzeaz arduratzen dira Oñati, Tolosa eta Berrizeko harrera-zentroak. Egun, hiruetan daude errefuxiatu ukrainarrak, 27 orotara –5 familietako 17 persona Oñatin, bi pertsona Tolosan eta bi familietako 8 pertsona Berrizen–, gehienak familian etorrita.
Irunen, bestalde, 150 pertsona hartzeko gai den zentro bat prest du Lakuak, behar denean irekitzeko. Legarretak nabarmendu du, halere, ez dagoela aurreikusterik zenbat pertsona etorriko den EAEra Ukrainatik.
Larraña Etxean emandako prentsaurrekoan Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak zehaztu du EAEn 3.000 eta 3.500 ukrainar inguru bizi direla –erdiak Gipuzkoan– eta, beraz, pentsatzekoa da Euskal Herriko kontaktuen laguntzarekin errefuxiatu gehiago etorriko direla Ukrainatik ihesi. Chernobyl-eko haurrak udan Euskal Herrira ekartzeko programak hainbat urtetan sortu duen sarea ere lagun izan daiteke ukrainarrak hemen hartzeko.
Horrez gain, Legarretak gogorarazi du 2.000 eskaintzatik gora jaso dituela Lakuak ukrainarrei laguntza eskaintzeko sortu zuen errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean.
Herritarrek hauspotutako sare solidarioa antolatu eta baliatu asmo du Gasteizko Gobernuak, harrera-zentroekin, Zehar Errefuxiatuekin GKEarekin eta Ukraina-Euskadi elkartearekin batera kontingentzia plana osatzeko.
Zentzu horretan, gerraren biktimei laguntza emateko gizarte zibiletik sortu diren ekimen ugariak aipatu ditu Legarretak, eta administrazioari ekimen horien guztien berri ematea galdegin du.