NAIZ

«Nire herriak elkartasuna izena du» lelopean kanpaina abian Ipar Euskal Herrian

«Gatozen lekutik gatozela, sortu garen lekuan sorturik, gure herriak elkartasuna du izena» kanpaina jabenduan abiatu zen frantziar Estatuan. Martxoan zehar Ipar Euskal Herriko bederatzi elkarteren sostenguz hainbat ekimen eginen dituzte.

Asteburu honetan kanpainaren bultzatzaileek afixak ezarriko dituzte herrietako sarreretan.
Asteburu honetan kanpainaren bultzatzaileek afixak ezarriko dituzte herrietako sarreretan. (Guillaume FAUVEAU)

Orotara 385 erakundek eta 2.000 pertsonalitate inguruk izenpetu dute iragan abenduan Hexagono mailan abian eman zen arrazakeria salatzeko kanpaina. «Gatozen lekutik gatozela, sortu garen lekuan sorturik, gure herriak elkartasuna du izena». Hori da ekimenaren leloa.

Testuingura ez da edonolakoa. Frantziar Presidentetzarako hauteskunde kanpainaren atarian gero eta oihartzun handiagoa hartzen baitute xenofobiaren kutsua duten mezuek.

Esaterako, sare sozialetan birala bilakatu da emazte beltzaran bati Eric Zemmourrek emandako erantzuna. Emazte gazteak eskuin muturreko hautagaiari galdetzen dio presidente balitz bera bezalako lagunek eskubidea ote luketen frantses Estatura etortzeko bizitza hobe baten bila. Honen erantzuna laburra bezain argia da: Ez.

Eskuin muturraren emendatzearen aitzinean, kanpainaren sustatzaileek «saldoan altxatzera» deitu dute. Era berean «antolatzera eta elkartasunaren alde eta arrazismoaren kontra borrokatzera». Bereziki mugaldeetan.

Ildo horretan, Ipar Euskal Herrian ere ekintzak eta mobilizazioak antolatuak izanen dira martxoan zehar ondoko eragileren sostenguarekin: La Cimade, Etorkinekin, EH Bai, Berdeak, France Insoumise, Ensemble, Attac, LAB, eta Bizi!

Lehen hitzordua, asteburuan

Lehen hitzordua martxoaren 12 eta 13an eman dute aipaturiko eragileek.

Asteburuan zehar «Nire herriak elkartasuna du izena» afixak ezarriko dituzte herrietako sartzeetan.

Bestalde, martxoaren 19an, Arrazismoaren kontrako Nazioarteko Eguna kari, giza katea antolatu dute Baionan «Eraiki ditzagun zubiak, ez harresiak» mezua zabaltzeko.

Martxoaren 25ean, mahai inguru bat antolatu dute Hazparneko Elgar zentroan. «Mugetako anomaliei erresistitzen: zuzenbide eta soziologiako begirada kritikoak» lelopean. Ana Lisa Lendarok, Thomas Sommer-Houdevillek eta Iker Barberok parte hartuko dute.

Hilaren 26an, Hendaiako Abbadia gelan goizeko 10.00etan eman dute hitzordua, «Elkartasuna mugetan» izenburupean.

Bertan izanen dira Calaiseko aktibistak (gose grebalari ohiak eta Auberge des Migrants), Briançonekoak (Tous Migrants), Roya bailarakoak (La Roja Citoyenne), Perpignanekoak (ASTI66) eta Euskal Herritik, Etorkinekin kolektibokoak.

Ekintzaileen aurkako jazarpena

Kanpainarekin bat egin duten bederatzi euskal eragilek «migrazioaren kontrako neurrien gogortzea» salatu dute, baita migratzaileen alde elkartasunean jarduten duten herritarrek Poliziarengandik pairatzen duten jazarpena.

Azken astetan elkartasun sareko zazpi boluntario atxilotuak izan dira. Horri gehitu behar zaio joan zen larunbatean Urruñan izan den gertakaria. Herriko hautetsiek beraiek pairatu zuten migratzaileak atxilotzeko operazioa.

Horren ondotik Danièle Bideondo zinegotziak salatu zuenez, «herriko etxeei errefuxiatu ukraniarrei harrera egitea eskatzen zaien bitartean mugaren bestaldetik heltzen diren migranteak ehizatzea eskatzen zaie».

Urruña bezala, Sarako udala engaiatu da

Hala eta guztiz ere muga eskualdean etorkinekiko elkartasuna ez da eten.

Urruñako Herriko Etxeak migratzaileak laguntzeko urratsa jorratu ondoren Sarako udalak ere bertze hainbertze egiteko deliberoa hartu du.

Sarako herriko kontseiluak aho batez onartu du Har Hitza taldeko hautetsiek aurkezturiko mozioa. Migranteen egoerarekiko kezkaz harago, frantziar Estatuaren jarrera ere deitoratzen du Lapurdiko herriko kontseiluak. Eta baita azken garaietan elkartasunaren kriminalizazioa ere emendatu dela ohartarazi du.

«Europako estatuei eta frantziar Estatuari bereziki, gizakiak errespetatzen dituen politikak plantan ezartzeko galdetzen diogu» adierazten du mozioak. Era berean, egungo erantzun polizialak aterabiderik ez duela ekartzen azaltzen du.

«Herriko Etxeak, dituen ahalmen materialak eta logistikoak plantan ezarriko ditu arriskuan direnei larrialdiko laguntza eskaintzeko. Aldi berean, herritarrei elkartasunerako deia luzatzen die eramanen diren ekimenekin bat egiteko», bukatzen du Sarako hautetsi guztien babesari esker onarturiko mozioak.