Elkar+ekin dantzan! ekimenak badu doinua. ‘Martxa baten lehen notak’ abestia izango da martxoaren 20an Euskal Herriko txoko desberdinetan dantzatzeko Elkarrekin Gara ekimenak Korrika eta AEKrekin batera aurkeztu duen melodia.
«Zein abesti aukeratuko dugu? galdetu genion geure buruari. Abesti honen aukeraketa ez da zoriz izan; izan ere, abestiak gordetzen duen mezua guztiz bat dator gure ekimenarekin», azaldu zuten Unai Lizaso Elkarrekin Gara ekimenaren kideak, Aize Otaño Gipzukoako AEKren artekaritzako kideak, Aritz Salamanca dantzariak eta Luix Intxauspe Gipuzkoako Korrika arduradunak bideokliparen aurkezpenean.
1977 urtera salto egin behar dugu beraz. Hasiera batean ‘Martxa baterako oharrak’ izendatu zuen Mikel Laboak. Gizakien eta herrien arteko elkartasunaren ideiaren aldeko martxa da, herri eta gizaki bakoitzari dagokion bagiramena eta ezagutzatik abiatuz.
Laboak martxaren musika egiten zuen bitartean, J.A. Artzeri eskatu zion testu bat idazteko, aurretik aipatutako ideia orokor horietan oinarrituz. «Gure helburuekin bete-betean jotzen duen abestia aurkitu genuen! Nola ez da ba abesti hau izango? galdetu genion geure buruari», gehitu zuten.
Kanta hau oinarri izanda, Olatz Salvador eta Bihotx taldeari eskatu zieten dantza ahalbidetzen zuen bertsio bat. Urriaren 28an egon ziren denak batera, elkarrekin, Lezoti estudioan doinu hau ekoizten. Laboak 1980an grabatu zuen helburu batekin, 2022an Olatz Salvador eta Bihotxekoek sortutako bertsioa dantzatuko dute orain, helburu berdina aldarrikatzeko.
Hiru dantza mota
Hala, hiru dantza mota prestatu dituzte; Euskal dantza urratsekin, mutxiko erara dantzatuta eta dantza garaikidea. Hiru koreografia hauek eredu gisa hartu behar dira, hau da, nahi duenak bideotutorialean dagoen dantza errepikatu dezake, pauso guztiak mantenduz eta berdin dantzatuz, baina gonbidapena luzatu dute bakoitzak dantza berera ekartzeko eta nahi adina eraldatzeko.
Ildo horretan, eskerrak eman nahi izan diote Aritz Salamancari, «ildo artistikoa koordinatzen egoteagatik; ideiarekiko erakutsi duen prestasuna eta kemenagatik eta proiektua aurrera ateratzea ahalbidetzeagatik».
«Mila esker bihotzez, Olatz Salvador eta Bihotx taldea osatzen duzuen Ixi Jauregi, Gema Ines eta Lara Mitxelenari; Lezoti estudioan burubelarri ibili den Gorka Urrari; eta dantzaren atzean bai oholtza gainean ibili diren Aritz Salamanca eta Eneko Gil-i», azpimarratu dute.