NAIZ

Pasaiako sarraskia argitzeko aldarria eta tortura salaketa uztartuko dituzte 38. urteurrenean

Pasaiako sarraskia argitzeko eskaera izango da Pedro Mari Isart, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Dioni Aizpururen erailketaren 38. urteurreneko aldarri zentrala, torturaren aurkako salaketarekin batera. «Tortura Pasaiako sarraskia gauzatzeko ezinbesteko elementua izan zen», gogorarazi dute.

Pasaiako sarraskia oroitzeko iaz egindako ekitaldia.
Pasaiako sarraskia oroitzeko iaz egindako ekitaldia. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Martxoaren 26an egingo da Pasaiako sarraskiaren 38. urteurreneko ekitaldi nagusia eta, besteak beste, sarraskian eraildakoen senideek, Jon Maia bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak parte hartuko dute.

1984ko martxoaren 22an espainiar Poliziak Pedro Mari Isart, Rafael Delas, Jose Mari Izura eta Dioni Aizpuru erail zituen Pasaiako badian. Erailketak ikusi zituzten testiguak eta beste hamaika proba dauden arren, oraindik ez da kasuaren egia, justizia, erreparazio edo aitortza ofizialik izan. Senide eta lagunek kasua argitzeko lanean jarraitzen dute.

Pasaia Argituk ohar bidez adierazi duenez, «tortura Pasaiako sarraskia gauzatzeko ezinbesteko elementua izan zen». Gogora ekarri dute, Rosa Jimeno «bortizki torturatuz lortu zela segada prestatzea».

Modu berean, plataformako kideek nabarmendu egin dute «aurrez, Pedro Mari Isartek torturaren sufrikariotik gehiago ez pasatzeko erabaki zuen Iparraldera ihes egitea». Eta hauek ez direla kasu isolatuak izan azpimarratu dute. «Tortura eta estatu errepresioa, elkar ezkontzen diren hitzak izan dira azken hamarkadetan». Honela, Pasaiako sarraskiko tortura kasuen harietatik tiraka, torturak Azpeitian eta Euskal Herrian izan duen eraginaren inguruan hausnartu nahi da aurtengo ekitaldian.

Martxoaren 26an, 19.00etan, Azpeitiko Azoka Plazan egingo da ekitaldi nagusia. Beste urte batez, Pasaiako sarraskia argitzeko eskaera izango da aldarri nagusia, torturaren aurkako aldarriarekin batera.

Ekitaldi nagusiaz gain, oroimen ekitaldia egingo da martxoaren 22an –sarraskiaren urteurren egunean–, 19.00etan, Enparan Dorretxe atzeko monolito parean. Gainera, Pasaiako sarraskiaren inguruko erakusketa izango da ikusgai martxoaren 18tik 26ra bitartean Foru Pasealekuko Erakusketa Aretoan.

Donejakue kaleko muralaren parean, berriz, sarraskiaren nondik norakoak azaltzen dituen panel informatiboa jarriko da.