NAIZ
Iruñea

Nafarroako 77 herri eta auzotan proiektatuko dute Foruaren Hobekuntzaren inguruko dokumentala

Nafarroa XXI dinamikak, datozen 10 egunetan, lurraldeko 77 herri eta auzoetan proiektatuko du ‘Joko zikiña
: 40 urteko iruzurra eta usurpazioa Nafarroako Foruaren Hobekuntzan’ dokumentala, «autogobernuaren inguruko eztabaida» piztu asmoz.

Katakraken egin du agerraldia Nafarroa XXI dinamikak.
Katakraken egin du agerraldia Nafarroa XXI dinamikak. (Nafarroa XXI)

Martxoaren 17aren eta 28aren artean, Nafarroako 77 herri eta auzotan proiektatuko da ‘Joko zikiña
: 40 urteko iruzurra eta usurpazioa Nafarroako Foruaren Hobekuntzan’, Nafarroa XXI dinamikak gidatuta eta «autogobernuaren inguruko eztabaida sustatu eta zabaltzea» helburu.

«Nafar Parlamentuaren gehiengoak iragan azaroaren 5ean hartutako erabakiarekin poztu ginen. Gaur gaurkoz inork ez du zalantzan jartzen, ez herritarrok eta ez ordezkari politikoek, eztabaida urgentea eta beharrezkoa denik», adierazi dute gaur Iruñean egindako agerraldian.

Zentzu horretan, Parlamentuak foru hobekuntzaren inguruan antolatu zituen jardunaldiak «txalogarriak» direla nabarmendu dute, baina «debatea ezin dela esparru instituzionalera mugatu, ez eta giro akademikora» defendatu.

Eta bide horretan kokatu dute ekimena. «Derrigorrezkoa da protokoloak gainditu eta egiazko eztabaida sozial eta herritarra sustatzea».

Helburu horrekin, «1982ko Foru hobekuntzaren negoziazioak azpikerian nola eman ziren kontatzeko, justuki negoziazio eta legearen onarpenetik 40 urte igaro direnean», dokumental bat proiektatuko dute.

‘Joko zikiña
: 40 urteko iruzurra eta usurpazioa Nafarroako Foruaren Hobekuntzan’ lana Nafarroako 77 herri eta auzotan proiektatuko da hurrengo hamar egunetan zehar. Martxoaren 17aren eta 28aren artean, zehazki.

Bestetik, maiatzaren 14an, «Parlamentuak 1982an herria kontsultatzeko aukerari uko egin eta ia 40 urtera», ekintza bat gauzatuko dute Iruñeko Sarasate pasealekuan, ‘Ireki. Abramos el debate’ lelopean.

«Gaur 36 urte betetzen dira Nafarroak NATOri atea itxi zionetik. Egun hartan antimilitaristek, bakezaleek eta ezkerreko indarren gehiengoak garaipen politiko sonatua lortu zuten Nafarroan. Gogorarazi nahi dugu 1986ko parlamentuko ordezkarien %81ak Espainia NATOn sartzearen aldeko kanpaina egin zutela. Hortik ondorioztatzen da herria kontsultatuz gero alderdiak programetan eta kanpainetan islatzen duten horretatik aldendu ahal daitezkeela emaitzak. Horregatik ez zen Foru Hobekuntzaren inguruan galdetu?», gehitu dute.

Haien iritziz, kasu horrk «edo Konstituzio Auzitegiak helegitea jarritako 17 legeak, lan erreforma errefusatzeak, pentsioenak, LOMCE hezkuntza legearenak, mozal legearen aurka Parlamentuak adierazitako arbuioak… Kilikolo uzten dute nafar autogobernua 40 urteren ondoren».

Guzti hori dela-eta, «eztabaida zabaltzeko» beharra nabarmendu dute.