Maite Ubiria

Xuti gazte! dinamika, abian Ipar Euskal Herrian

Uztaritzen eginiko ekimen batean bidez aurkeztu dute gaur eskualdez eskualde eta arloz arlo gazteak saretuz Ipar Euskal Herri mailan gazteen problematikari erantzuteko mugimendua martxan jartzea xede duen Xuti gazte! dinamika.

Uztaritzen eginiko ekimen batean bidez aurkeztu dute Xuti gazte! dinamika.
Uztaritzen eginiko ekimen batean bidez aurkeztu dute Xuti gazte! dinamika. (Guillaume FAUVEUAU)

20 bat gaztek babestu dute gaur goizean Uztaritzeko frontoian eginiko Xuti gazte! dinamikaren aurkezpen ekitaldia.

Aiala Urteaga Telleriak eta Laia Borda Uhaldek hartu dute hitza ekitaldiaren hasieran. Anartean bertze gazte batzuk dinamika berriaren izena deskubriarazten zuten, paretan ezarritako oihal batzutan.

Hizlariek nabarmendu dutenez, gaurko aurkezpena abiatze bat bertzerik ez da. Finean, hemendik aurrera, arlo eta eskualde ezberdinetan jarduten duten gazteengana hurbildu eta saretzeko lanari ekinen diolako Xuti gazte!k.

«Ez gatoz ezer ordezkatzera, ez dugu erreferente bat, gure asmoa baita gazteen ahotsa eramateko tresna berria eta autonomoa sortzea», azaldu diote NAIZi aipaturiko bi bozeramaleek ekitaldia amaituta.

Hitzartzean azaldu duten gisara, Xuti gazte! dinamika gorpuzten joan behar den mugimenduaren abiapuntua besterik ez da, «parte hartzaile, zabala eta irekia izan beharko duena».

Ipar Euskal Herrian abian diren ekimenekin bat eginez

Edonola ere, azken urtetan euskal presoen alde, laborantza lurrak babesteko, etxebizitzaren eskubidea defendatzeko edo borroka feminista bultzatzeko Ipar Euskal Herrian egin diren mobilizazio handiak izan dituzte aipagai, gazte gisa mugimendu horiekin bat egiteko nahikeria agertuz.

Gazteak, halaber, problematika bereziak badituztela azaldu dute, aurreko lanekin batera prekarietatea, ikasketak kanpoan egin beharra, euskaraz bizitzeko ezintasuna edo indarkeria matxista aletuz.

«Askatasunaren aldeko borroka izanen da gurea, gure kultura eta hizkuntza biziberritu ahal izateko, amalurra zaintzeko, feminismotik zapalkuntzak iraultzeko, sektore prekarioen bizi baldintzak hobetzeko, arrazakeriarekin eta migrazio politika hiltzaileekin bukatzeko» gehitu dute, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatuz.

Eskualdeen arabera errealitate ezberdinak direlaz jabetuta tokian tokiko erantzunak nahi dituztela asmatu azaldu dute, ondotik Ipar Euskal Herri mailan saretu eta harremanak sendotzeko.

Ondoko astetan jakinaraziko dute non garatuko dituzten Xuti gazte! dinamikaren tokian tokiko aurkezpenak. Izan ere, gaurdanik gazteei «hurbiltzeko eta indarrak biltzeko» deia luzatu diete Uztaritzera bertaratutako lagunek.

«Dinamika berri honekin, militante gazteok mugimendu abertzalearen lekukoa hartu nahi dugu. Izan ere, gazte borrokari bultzada bat emateko garaia dela uste dugu, inoiz baino gazte ezkertiar eta abertzale gehiago herriaren alde lanean jartzeko momentua», adierazi dute Lapurdiko hiriburu historikoan «umilki» lanean jartzeko engaiamendua hartu duten Xuti gazte! ekimen berriaren sustatzaileek.