NAIZ

Texasko Auzitegi Gorenak abortua 'de facto' debekatzen duen legea berretsi du

Texasko Auzitegi Gorenak abortatzea debekatzen duen legea berretsi du. Emakume texastarrei abortatzea galaraziko diete, bai bortxaketa bai intzestu bidezko haurdunaldietan.

Lege antiabortistaren aurkako mobilizazioa iragan den urrian, Austinen.
Lege antiabortistaren aurkako mobilizazioa iragan den urrian, Austinen. (Bob DAEMMRICH | EUROPA PRESS)

2021eko irailean onartu zuten eta abortatzea ‘de facto’ debekatzen duen legea berretsi zuen iragan den ostiralean Texasko Auzitegi Gorenak (AEB). Hori horrela, ernalketatik sei aste pasa ez badira ere, haurdunaldia bortxaketa batek eragin baldin badu edo sexu harremanak intzestu bidezkoak izan diren kasuetan ere, legeak abortatzea debekatuko die emakume texastarrei.

Hainbat erakundek eta abortu klinikek arau berriaren aurkako borroka legal bat abiatu bazuten ere, azkenean, legeak aurrera egin du eta abortua emakumearen bizitza arriskuan dagoen kasuetan soilik egongo da baimenduta.

Auzitegiak aho batez erabaki zuen abortuaren debekuari argi berdea ematea. Izan ere, alderdi errepublikano kontserbadoreko kideek osatzen dute tribunala.

Orain arte, Texasko klinika abortistak AEBetako Gorte Nagusiaren marko legalean topatzen zuten babeserako zirrikitua. Hori horrela, legezkoa zen haurdunaldia etetea baldin eta ernalketa unetik sei aste baino gutxiago pasa baziren. Orain, aldiz, abortatu nahi duten emakume texastarrek ezingo dira AEBetako Gorte Nagusiaren ebazpenera atxiki eta, abortatu nahi izanez gero, beste estatu batzuetara joan beharko dira.

Ildo horretan, Texasen arabera, Estatuko epaileek ez dute lege hori Texasko legearen gainetik aplikatzeko zilegitasunik, eta, beraz, abortua debekatzen duen araudia nagusitzen da edozein kasutan, oraindik fetuaren bihotzeko jarduerarik detektatu ez bada ere.

«Xedapen horietan oinarrituta, ondorioztatzen dugu Texasko legeak ez diela ematen estatuko funtzionarioei (...) inolako autoritaterik Legearen baldintzak betearazteko, ez zuzenean, ez zeharka», berretsi du auzitegiak epaian.

Horrela, emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakundeak eta klinika abortistak aukera gutxirekin gelditu dira Texasko Gorte Gorenak berretsi duen legearen aurka borrokatzeko.

'SB8' izenez ezagutzen den legeak aukera ematen dio edozein herritarrei emakume haurdunei abortatzen laguntzen dieten pertsonak salatzeko eta hauen aurkako salaketak aurkezteko. Epaiketa irabaziz gero, 9.000 eurorainoko kalte-ordainak irabazi ahalko dituzte salatzaileek.

‘CNN’ telebista kateak kontsultatu dituen Planned Parenthood kliniken datuen arabera, abortatzeko itxaronaldiak areagotu egin dira inguruko estatuetan, Texastik etorritako paziente kopurua gero eta handiagoa delako.