Maite Ubiria

Baionako auzitegiak Oier Oa errudun jo du baina zigorrik eman gabe

Baionako Auzitegiak errudun jo du Oier Oa baina ez dio zigorrik jarri. Lurralde debekuari buruzko auzia Kasazio Gorteak hartuko duen erabakiaren zain geldituko da.

Oier Oa kazetariekin mintzo iragan otsailaren 15ean iragan zen auzia hasi aurretik.
Oier Oa kazetariekin mintzo iragan otsailaren 15ean iragan zen auzia hasi aurretik. (Guillaume FAUVEAU)

Estatu frantsesean bizitzeko debekua hautsi izana eta Fijait fitxategiaren betekizunak urratu izana leporatuta, iragan otsailaren 15ean auzia ukan zuen Oier Oak Baionan.

Gaur asteartean Lapurdi hiriburuko auzitegiak bere deliberoa ezagutzera eman du. Errudun jo du Oa baina ez du zigortuko. Prokuradoreak ez badu helegitea aurkezten, defentsak espero duen bzala, «auzia itxiko da Baionan», Amaia Rekarte esanetan.

Izan ere lurralde debekua altxatzeari buruzko auzia ez da amaituta.

Parisko Dei Auzitegiak lurralde debekua kentzeko Oaren abokatuak aurkeztu zuen eskaera bertan behera utzi zuen 2021ko abenduaren 6an

Izan ere Oaren defentsa Kasazio Epaitegiaren aurrean erabaki horren kontra ezarritako helegitearen emaitzaren zain dago.

Kasazioak defentsari arrazoia eman ezgero epaiketa berriz egingo lukete. Aldiz, bere aurka joko balu ere, beste eskaera martxan jartzeko aukera luke.

Gaur Baionako auzitegiak eman duen deliberoa lagungarria litzateke horri begira.

Otsailaren 15ean Baionan iragan zen auziaren ostean baikor azaldu zen, zentzu horretan, preso ohiaren defentsa Fiskaltzak zigor eskaera apaldu eta Oaren egoera erregularizatzeko beharra azpimarratu zuelako.

«Entzun dute Oaren bizipena», adierazi zuen Amaia Rekarte abokatuak epaiketa amaitzean.

Legea urratzeko asmorik ez

Oier Oak Baionako epailearen aurrean azaldu zuenez Larresoron gelditzea erabaki zuenean bere asmoa ez zen legea urratzea, baizik eta berarentzat eta bere familiarentzat aukerarik onena egitea.

Hala eta guztiz ere, Hiriburun frantses poliziak atzeman ondoren berriz ere Hego Euskal Herrira joan zela bizitzera baieztatu zuen. 2020ko azaroaz geroztik Zugarramurditik telelanean jardun zuela zehaztu zuen.

Rekarte abokatuak, bere aldetik, Oari ezarri nahi zioten zigorra desproportzionatutzat jo zuen. Hori dela eta, zigorrik ez ezartzea galdegin zion jujeari.

Baionako prokuradoreaen izenean jardun zuen Amelie Djaoudok defendatu zuenez «arauak badira, errespetatu behar dira eta hori ez bada egiten, eta erabakitzen bada frantses frantses lurraldean gelditzea, orduan egoera zailagoa bilakatu daiteke».

Edonola ere, «Oak desmartxak abian eman ditu, egoera normalizatze aldera, eta espero dut emaitza ona dutela».

Prokuradoreak zigor eskaera apaldu zuen. 60 egunetan hamar euroko isuna ezartzea galdegin zuen, lurralde debekua ez betetzeagatik.

Oari adierazitako babesa

2020ko azaroan Oier Oa atxilotu zutenetik, euskal preso ohiarekin elkartasunean ekimen ugari antolatu dituzte, berdin Etxepare lizeoan, Baionako auzitegiaren aitzinean edo bizileku duen Larresoron bertan.

Iazko azaroaren 8an, Parisen egin zioten auziaren egunean lasterketa egin zuten Hiriburu eta Baiona artean lizeoko ikasleek.

Hilabete batzuk lehenago, 2021eko martxoan, sinadura bilketa egin zuten Larresoron. Ipar Euskal Herriko eragile politikoen aldetik sostengu anitz bildu zituzten; hala nola Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Oak eta bere familiak Larresoron libre bizitzeko zuten eskubidea nabarmentzen zuen agiria izenpetu zuen.

Iragan otsailaren 15ean sostengu irudi azkarra errepikatu zen Baionako auzitegiaren aitzinean.

Lizeoan abiatu zen sostengu ekimena auzitegira eraman zuten ikasleek. Hainbat eragileren laguntza ukan zuten. Hala nola, Bake Bidea elkarteak –Anaiz Funosas– eta Bakegileek, Euskal Herria Baik –Xabi Larralde eta Nikolas Blain–, Euskal Herria Bilduk –Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak–, LAB sindikatuak, Ernai, Iparra Hegoa elkarteak eta GKSk bat egin zuten Oier Oari elkartasuna adierazteaz gain euskal preso horiei ezarritako salbuespen neurriak bertan behera uzteko garaia dela aldarrikatzeko xede izan zun elkarretaratzearekin.