NAIZ

Balentziagak Athleticekin berritu du eta 12. denboraldia beteko du klub zuri-gorrian

Mikel Balentziaga atzelari zumarragarrak Athleticen jarraituko du beste urte batez. 2023ko ekainera arte luzatu du hitzarmena klub zuri-gorriarekin eta hala, hamabigarren denboraldia beteko du klub bizkaitarrean. 

Balentziaga (ezkerrean), Athleticeko presidente Aitor Elizegirekin.
Balentziaga (ezkerrean), Athleticeko presidente Aitor Elizegirekin. (ATHLETIC CLUB)

Mikel Balentziagak Athleticen jarraituko du. Klub zuri-gorriak iragarri duenez, atzelari zumarragarrak 2023ko ekainera arte luzatu du kontratua eta orotara, hamabigarren denboraldia beteko du Athleticen elastikoa defendatzen. 

Denboraldi honen bukaeran bukatzen zitzaion kontratua Balentziagari eta bi aldeak ados agertu dira beste urte batez luzatzeko. Bien arteko azken akordioan legez, desegite klausularik gabe sinatu du hitzarmena ezker hegaleko jokalariak. 

2008an Athleticeko lehen taldearekin debuta egin zuenetik, 314 partida jokatu ditu, horietako 28 denboraldi honetan (23 ligan, hiru Kopan eta bi Superkopan), aurreko urte osoko kopuru bera sasoia bukatzeko hamar partida falta direla. Egungo jokalarietatik partida gehien jokatu dituen laugarren futbolaria da, Iker Muniain, Oscar De Marcos eta Williamsen atzetik. 

Marcelinoren plangintzan ikur garrantzitsu bilakatu da ezker hegalekoa, aurten jokatu dituen partidetatik %78,5ean hasieratik aritu baita. Yuriren lesioaren ondotik, Balentziagak jakin egin du ezker hegalean lekua egiten. Gainera, duela aste batzuk, entrenatzaile asturiarrak berak ziurtatu zuen Balentziagak taldean jarraitu beharko lukeela, baita Oscar De Marcosek ere –honi ere ekain honetan bukatzen zaio hitzarmena–.

«Bi profesional eredugarri dira, gazteengan jarrera onak sustatzeko erreferentzia dira, lehiakortasun maila nahikoa dute, ona eta oso onaren artean, eta partida asko jokatzeko daude», esan zuen.

«Zintzotasunagatik, izateko moduagatik, lanarekiko jarreragatik, lankideekiko eta ondoan dituztenekiko errespetuagatik. Athleticen ezinbestekoak diren balioak. Gazteei futbolari hobeak izaten laguntzen diete», azpimarratu zuen asturiarrak duela hamar egun.

Bi Superkopa garaipenen zerrendan

Bartzelonaren aurka 2015eko eta 2021eko finaletan lortutako Superkopako bi tituluak ditu bere garaipen zerrendan. Hala nola, lau aldiz txapeldunorde geratu da Kopan (2008-2009, 2014-2015, 2019-2020 eta 2020-2021).

2008-2009 denboraldian aritu zen estreinakoz Athleticeko lehen taldearekin eta hurrengo sasoian, Numantzian jokatu zuen. Athleticera itzuli zen baina minutu gehiagoren bila Valladolidera joatea erabaki zuen. Han bi denboraldiz aritu ostean, behin betiko itzuli zen Athleticera 2013-2014. sasoian. 

Jokalariak prentsaurrekoa eskainiko du asteazkenean Lezaman, 12:45etik aurrera.