NAIZ

Inguraketako ontziek arrantzatzeari utzi diote astelehenera arte garraiolarien grebagatik

Inguraketa sareekin arrantzatzen duten Gipuzko eta Bizkaiko ontziek astelehenera arte geldialdia egitea erabaki dute, garraiolarien greba dela eta ez baitakite gero arraina banatzerik izango duten. Greba nola doan ikusi eta erabakiak egunez egun hartuko dituzte.

Getariako portuko baxurako ontzi bat itsaso zabalerantz, antxoaren bila, artxiboko irudian. (Jon URBE / FOKU)
Getariako portuko baxurako ontzi bat itsaso zabalerantz, antxoaren bila, artxiboko irudian. (Jon URBE / FOKU)

Inguraketa sareak erabiltzen dituzten Gipuzko eta Bizkaiko ontziak ez dira arrantzatzera atera gaur, heldu den astelehenera arte geldialdia egitea erabaki ondoren. Arrantzaleen ustez, garraiolarien greba dela eta ez du zentzurik arrantza egiteak gero arraina banatzeko modurik ez badago. Horregatik, Bizkaia eta Gipuzkoako kofradiek grebaren eboluzioa ikusi eta egunez egunhartuko dituzte erabakiak, Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien Federazioko lehendakariak Radio Euskadin esan duenez.

«24 orduko geldialdia egin dugu gu garraiolarien grebaren albo-kaltea garelako», esan du. Arrantzan egin dezaketela erantsi du, baina «gero garraiolariek ezin badute salgaia eraman arazo larria dugu, arraina galkorra da eta ezin du garraioaren menpe egon». Hasiera batean geldialdia 24 ordukoa bazen ere, azekenean astelehenera arte itsasora ez ateratzea erabaki dute, Elduayenek berak Efe agentziari baieztatu dionez.

Zehaztu duenez, geldialdiak inguraketako ontziei bakarrik eragiten die, «amuarekin ibiltzen direnek askatasuna zuten nahi bazuten arrantzara joateko eta arrastekoak ere itsasoan zeuden. Baina inguraketakoak, antxoarekin, arazoa izan zitekeela ikusten genuen».

Elduayenek azaldu duenez, arrantzaleek bilera izango dute astearte honetan Luis Planas Nekazaritza eta Arrantza ministro espainiarrarekin, eta asteazken honetan Bizkaia eta Gipuzkoako kofradiak Lakuako Gobernuarekin elkartuko dira. Bilera horien emaitzaren arabera, «ikusiko dugu zer egin». Bertan helaraziko diete arrantzaren sektoreak ezin duela erregaien prezio altua jasan.

«Gastuak izugarriak dira eta barku askok gelditu egin beharko dute, horregatik gasolioaren prezioa arintzeko modua bilatu behar dugu, zuzena edo zeharkakoa, gutxienez irabazten ez badugu behintzat galerarik izan ez dezagun. Itsasora ateratzea dirua galtzeko, hori ezinezkoa da», ohartarazi du.

Gipuzkoan 45 ontzi inguruk osatzen dute inguraketako flota.