Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bera Bera Aula Valladoliden aurka lehiatuko da Kopako final laurdenetan

Aurten, estreinakoz, Kopako azken fasea antolatzen duen taldeak txapelketako koadroaren zein aldetan abiatu nahi duen aukeratzeko ahalmena izan du. Hala, Bera Berak Aula Valladoliden aurkako lehia aukeratu du. Irabaziz gero, Atletico Guardes edo Granollersen aurka jokatuko luke finalerdia. 

Kopako azken fasean jokatuko duten zortzi taldeetatik seiko ordezkariak egon dira zozketan.
Kopako azken fasean jokatuko duten zortzi taldeetatik seiko ordezkariak egon dira zozketan. (NAIZ)

«Jokalariek eskatu didate Malaga saihesteko», onartu du Imanol Alvarezek behin zozketa bukatu denean. Aurten, 43. Kopako edizioa Donostiako Illunbe pabiloiak jasoko du eta talde antolatzaile moduan, Bera Berak ahalmena izan du bere lehendabiziko arerioa zein izango den aukeratzeko. Alba Menendez kapitaina eta Alvarez entrenatzailea, taldeko ordezkari moduan, hurbildu dira Miramar Jauregian eginiko zozketara eta ez dute zalantza gehiegirik egin aukeratzerakoan. 

«Bata edo bestea aukeratu, arerio guztiak dira zailak. Hala ere, printzipioz uste dugu lehendabiziko aldea samurragoa izango dela. Aurten galdu dugun partida bakarra Malagaren aurka izan da», zehaztu dio NAIZi Alba Menendez zarauztarrak. 

«Lehen partida izaten da zailena, Aula Valladoliden aurkakoa ez da izango erraza baina ikusita beste aldean Rocasa eta Malaga daudela», adierazi du ermuarrak. 

Irabaziz gero, Atletico Guardes edo KH7 Granollersen aurka jokatuko lukete finalerdiak. Kopa irekia izango dela ez du ukatu, Jose Ignacio Prades talde galiziarreko entrenatzaileak adierazi du «inoizko Kopa irekiena» izango dela eta Alvarezek, bide horretatik, nabarmendu du ligan dagoen berdintasun handia. 

Menendezek, bestalde, uste du Kopa beti izan ohi dela irekia. «Begira, azken bost denboralditan bost txapeldun ezberdin egon dira», oroitarazi du. Bera Beraren azken finala 2019an izan zen, Lasesarren, Euskal Herrian jokatu den azken urtean. Han «etxean bezala» sentitu ziren eta orain, Donostian jokatuta, babes hori areagotzea espero du. 

Rocasa eta Malaga lehiatuko dira hirugarren final laurdenetan eta azkenekoz, Bera Berak lehendabiziko koadroa aukeratu duenez, Kopako azken txapeldun Elx Unicaja Banco Gijonen aurka lehiatuko da. Bi partida hauetako garaileak finalerdietan neurtuko dituzte indarrak. 

Apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean jokatuko da Kopako azken fasea Illunben. Astean zehar beste ekintza batzuk egongo direla aurreratu dute Donostiako Udaleko kirol zinegotzi Martin Ibabe zein Gipuzkoako Aldundiko kirol diputatu Arkaitz Millanek. Aurkezpenean, Tati Garmendiak zehaztu zuen emakumeen kirolaren inguruko mahai-ingurua prestatzea aurreikusten dutela apirilaren 28rako. 

Kadete mailako Kopa

Pandemiaren eraginez, kadete mailako "Kopa txikia" ez da antolatu azken bi urteetan eta Donostian berriro antolatuko da. Honen zozketa ere egin da asteazken honetan. Bi multzotan banatuta geratu dira taldeak. A multzoan: Atletico Guardes, Aula Valladolid, Elx eta KH7 Granollers; eta B multzoan: Bera Bera, Roasa, Malaga eta Unicaja Banco Gijon.