NAIZ

Donostiako Herria tabernako banderak berriro lapurtu dituztela salatu dute

Donostiako Ikatz kaleko Herria tabernaren kanpoaldeko mastetan paratzen dituzten banderak berriro lapurtu dituztela salatu dute. Horren aurrean, ekitaldia antolatu dute ostiralean 19.30ean.

Herria tabernako kanpoko mastetatik lapurtu zituzten ikurrak.
Herria tabernako kanpoko mastetatik lapurtu zituzten ikurrak. (HERRIA KULTUR ELKARTEA)

Donostiako Alde Zaharreko Ikatz kalean dagoen Herria tabernako kanpoaldeko mastetan jartzen dituzten banderak berriro ere lapurtu egin dituztela salatu dute.

Joan den larunbatetik iganderako gauean izan da azken lapurreta, baina azken hilabeteotan horrelakoak maiz gertatu izan direla nabarmendu dute Herria Kultur Elkarteko kideek. «Azken hilabeteetan hainbatetan gertatu dira horrelakoak, eta tabernetako ikurrinak eta presoen aldeko ikurrak kentzeaz gain, hainbat erakunde politiko eta sozialen kartelak eta banderak kendu dituzte», azaldu dute.

«Onartezinak dira adierazpen askatasunaren eta gure ikurren aurkako eraso hauek eta ez gaude prest gehiago jasateko. Ikurrina edo presoen etxeratzearen aldeko banderak lapurtzeak argi azaltzen du eraso egileen ideologia, eta baita herriaren sektore zabal baten nahia eta aldarrikapena onartzeko duten gaitasun eza ere. Amorrua darie alde guztietatik: ikurrei, izenari eraso egiten diete, izana jasan ezin dutelako, baina argi izan dezatela, tinko egingo diegu aurre», gaineratu dute.

Egoera hau salatzeko ekitaldi batera deitu dute datorren ostiralean, 19.30ean, Herrian bertan. Salaketa publikoa egiteaz gain, lapurturiko ikurrak berriro jarriko dituzte. «Lehenago gertatutako erasoen ostean argi azaldu genuen ez gaudela horrelakoak onartzeko prest», aldarrikatu dute.