Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Aiert Beobide
Haatik dantza konpainiaren zuzendaria

«Ez da erraza izan ez ekoizpen aldetik, ez sorkuntza aldetik»

Urumea ertzean baserriaz desjabetutako familia baten oroitzapenei tiraka hasi eta ‘Ur bizitan’ ikuskizuna sortu du Haatik konpainiak. Obrak bertsio laburra ere badu, ‘Ur’. Hiru emanaldirekin agenda betea dute asteburuan.

Aiert Beobide, Haatik konpainiaren zuzendaria.
Aiert Beobide, Haatik konpainiaren zuzendaria. (HAATIK)

‘Dantzaren bidez egungo kulturan eta gizartean hausnartzen’. Hauxe du lelo Haatik dantza garaikide konpainiak eta ekoizpen berria horren adibidea da.

Ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria da ‘Ur bizitan’. Urumea ertzean bizi zen familia baten oroitzapenek bultzatu dute sorkuntzaren bidaia hau abiatzera. «Etxealdian hasi zen sorkuntza, kanpoan natura indar biziz ikusi genuen udaberri hartan. Koinataren familia baserriaz –Antxume– desjabetu zuten Martutenen Urumeako autobidea egiteko eta euretaz gogoratu ginen, Astigarragako pisuan nola egongo ote ziren», kontatu du konpainiaren zuzendari Aiert Beobidek (Donostia 1978).

«Egunkarietan albiste garrantzitsuagoak datoz baina natura eta garapenaren gaia ere hor dago eta ez badugu benean esku hartzen hau ere eskutik joango zaigu, ez bazaigu dagoeneko joan. Baina nola eraman gaia dantzara? Errelato bat idatziko zuen norbaiten bila ari ginenean Koldo Izagirre prest agertu zen. Bera ere sentsibilizatuta dago hirigintzan egiten diren politikekin. Kopla modukoak idatzi zituen. Benetan, sekulako harribitxia! Oso pozik berak egindako lanarekin», jarraitu du.

Orain arteko ibilbidean jorratutako bidean pausu bat areago joan dira. Gorputza, bakarrik ez, ahotsa ere jarri dute dantzan. «Erronka bota zigun Koldo Izagirrek, ea zergatik ez genuen berak idatzitako testua emanaldian txertatzen. Ez off ahotsean, ea dantzariak ausartzen ziren koplak irakurtzera», kontatu du.

Olatz Beobide arrebaren atea jo zuen gero. «Urtebete pasa du dantzariekin lanean, nola egin daitekeen frogatzen. Gorputzaz interpretatzera ohituta daude baina ez ahotsa jartzera. Olatzek berak dioen bezala ‘su txikian’ landutako proiektua da. Lortu du eta oso modu ederrean egiten dute dantzariek. Asko eskertu diogu Koldori bihozkada sortu izana. Eta obra ikusi dutenek adierazi digute poesia gisako piezek asko laguntzen dutela bidaia egiten», adierazi du.

Ekoizpen berezia da, ospakizuna. «Aprobetxatu nahi genuen konpainiaren hamargarren urteurrena mimoz egindako ikuskizuna sortzeko. Pascal Gaigneri proposatu genion musika berak sor zezan eta berak egin du konposizioa eta zuzendaritza musikala. Beste opari bat da. Ze gaitasuna duen, guztiok txunditu gaitu!»

Behin musika eginda zegoenean koreografiarekin hasi ziren. Bost dantzari izango dira agertokian. «Ohiko dantzariak ditugu, askok 6-8 urte daramatzate gurekin. Nire bigarren familia dira eta honakoak dira: Amaiur Luluaga anoetarra, Irati Sorondo tolosarra, Iñigo Etxeberria ibarrarra, Libe Sukia zaldibiarra eta Jon Arsuaga villabonatarra.

«Gure aurreko lanak ikusi dituztenek badakite erronkaz erronka ikuskizun bakoitzean handituz doazela eta oraingoan ere erronka handiak jarri dizkiegu aurrean. Lan handia, exigentzia handia eskatu die obra honek eta nabaritzen da, nola egin dioten aurre eta nola doazen handitzen eta esperientzia hartzen; oso lan polita egiten ari dira.

«Sendotasuna»

Formatu handiko lana aurrera ateratzea «ez da erraza izan ez ekoizpen aldetik, ez sorkuntza aldetik» Beobideren esanetan. «Horrek erakusten du konpainiaran sendotasuna eta gaitasuna. Atzera begiratzean konturatzen gara zenbat proiektu egin ditugun hamar urteotan», esan du.

Konpainiak dantzari talde iraunkorra du. Badu alde txarra baina baita alde ona ere bere esanetan. «Oso garbi dugu. Badakigu ze norabide nahi dugun eraman, formakuntzak egiten ditugu konpainian… egitura aldetik Iurre Aranburu eta biok ari gara ekoizpena, komunikazioa alorrean lanean, egunerokotasunean, eta nabaritzen da, espero ez genituen deiak jasotzen ditugu», amaitu du.

Euskal dantza, dantza klasikoa eta baita dantza garaikidea landu ditu Beobidek oso gaztetatik abiatutako ibilbidean. Esperimentazio gogoak eraman zuen 2011. urtean Haatik dantza konpainia martxan jartzera. Dantzari moduan, bakarkako lan pertsonaletan eta baita Aukeran eta Haatik konpainietako ikuskizunez gain Mikel Aristegi eta Ziomara Hormaetxe koreografoen dantza garaikideko lanetan ere parte hartu du.

Sorkuntza eta koreografia lanetan murgilduta hamar dantza lanetik gora aurkeztu ditu. Bai haatik konpainiarentzat eta baita azken hamarkadan lanean diardun Alurr dantza taldearekin ere. Dantzan aurkitzen du «barne sentimentuak askatu eta sorkuntzaruntz bidaiatzeko bidea».