Hain ederki etorri zitzaion Bitci Baskoniari pare bat asteko atsedena! Hain egoki ekin zion jokatzen, nahiz eta Maccabi eta Izar Gorriaren aurka galdu! Hain ederki irabazi zien Real Madrili ACB Ligan eta Anadolu Efes zein Asvel Villeurbanni Euroligan! Tira, frantsesen aurka ez ziren horren fin aritu gasteiztarrak, baina markagailuan ia beti ekimena eraman zuten eta amaiera parekatua aurrera ateratzeko kapaz izan ziren.
Baina Obradoiroren aurka berriz ere etenaldiaren aurreko hankasartzeak errepikatzen hasi eta galdu egin zuen talde gasteiztarrak. Zer esan, berriz, asteazkenean ACB Ligako partida Bartzelonaren aurka 77-96 galdu eta gero! Ahalegindu, ahalegindu ziren Neven Spahijarenak, baina Barça gainetik pasa zitzaion, eta zenbait jokalarik «txandapasa» egitea erabaki zutela irudituta, Spahijak ostiralean 20.30etan Alba Berlinen aurka hasiko den demara begira indarrak gordetzea erabaki zuen azkenean.
Ez ordea kexarik azaltzeke. «Harrotasun gehiagorekin jokatu behar dugu! Borroka gehiago egin behar dugu! Besterik ezean, falta gehiago egin beharko ditugu ba gutxienez!», adierazi zuen, suminduta, Sibenikeko entrenatzaileak.
«Ez dut aitzakiarik jarri gura», esan zuen, «baina kosta egiten zaigu 48 orduren buruan partida bat bestearekin kateatzea. Kosta egiten zaigu erreakzionatzea entrenatu eta partidak prestatzeko astirik gabe gabiltzanean», onartu zuen Neven Spahijak.
Hitzak eta esanahiak
«Harrotasuna» eta «nortasuna» ziren, esaterako, Dusko Ivanovicek euskaraz inoiz gutxitan erabili zituen hitzetako bi, berarentzat hitzak baino gehiago direlako, ziurrenik, eta Saski Baskoniak kontzeptu horiek bere egin eta barru barruko ezaugarritzat jartzen dituelako. Baina Montenegrokoaren ahotik sarriago entzuten baziren kontzeptuok, Spahija kroaziarrak suminean erabili zituen, Alba Berlinen aurka jokatu aurretik Bartzelonaren aurka egurra jaso ostean.
Ez da ahaztu behar asteazkenean Gasteizen irabazita Barça ACB Ligako lidertzan jarri zela, Euroligako liderra ere badela eta duela aste gutxi Kopa ere bereganatu zuela. «Nortasuna» eta «harrotasuna» hitz politak izan litezke, baina Europako eliteko talde baten aurrean hitzok ez dira nahikoa, are gutxiago hitz horien atzean ezer gutxi ezkutatzen bada.
Horren tarteko izan zen Wade Baldwini Spahijak ezarri zion «zigorra». Ohi baino askoz minutu gutxiago eman zizkion Nueva Jerseyko antolatzaileari. «Nire aginduetara dagoenetik inoizko partidarik txarrena jokatu du, ez erasoan ez defentsan ez baitu behar bezala jokatu. Hargatik, Arturs Kurucsi aukera eman diot, eta honek ongi baliatu du», bota zuen Sibenikeko teknikariak.
Bezperan aulkitik ateratzen diren jokalariei «gehiago» emateko eskatu bazien, Bartzelonaren aurka galdu ostean, «eskerrak» eman zizkien kroaziarrak. «Aulkiko jokalariengatik izan ez balitz, 40 puntuz behetik amaituko genuen».
Bide batez, ez zuen Jayson Grangerrek jokatu, oin baten arazo bat duelako, antza. Alabaina, Euroligako webgunean arabera Baskoniak lantalde osoa prest izango du Alba Berlinen aurka jokatzeko.
«Outsiderrak» mokoka
«Partida honek ez du erremediorik, baina hemendik 48 ordu barru maila hobea emango dugu», zin egin edo desiratu zuen Neven Spahijak prentsaurrekoaren amaieran. Beharko, Alba Berlinek Euroligako azken sei neurketetatik bost irabazi dituelako.
Euroligak hilaren 21ean erabaki behar du talde errusiarrak aurtengo lehiaketatik at behin betiko laga behar dituen ala ez. Esan gabe doa Baskoniarentzat egundoko belarrondokoa litzatekeela berriro onartuko balitu, Top 8tik bi garaipenera jarri delako supituki talde gasteiztarra, Errusiak Ukraina inbaditu baino lehen jokaturiko partida guztiak galdu egin baitzituen; hau da, Errusiarrak jokoz kanpo lagata ere lorturiko garaipenetatik bakarra ere ez zaiolako murriztu Baskoniari –partidak galtzea albiste ona bihurtuko zenik pentsatzea ere!–.
Ia ezustean gorantz egin duten «outsiderren» arteko borroka izango da, bada, ostiralean 20.30etan hasiko dena, antzera baitabil Alba Berlin ere. Garaipen kopurua ere, bederatzi, gasteiztarren berbera da; hori bai, Israel Gonzalezen gizonek hiru partida gutxiago jokatu dituzte, covid-19a tarteko egundoko zorte txarra izan dutelako –eta argi ibili, Alemanian beste astinaldi bat ematen ari delako koronabirusa–.
Baina isilean, zarata handirik egiteke, Top 8a bi garaipenetara dute alemaniarrek, eta hori beren hegaleko titularrak ia guztiak min hartuta daudela. Marcus Eriksson –gizajoak– Euroligako azken zazpi jardunaldiak galdu ditu; Louis Olindek hilabete luze darama jokatu ezinik; Yovel Zoosmanek pasa den asteartean jokatu zuen berriro Alemaniako Ligan aurrez Euroligako azken hiru jardunaldiak jokatu gabe pasa eta gero; Johannes Thiemannek astearte hori bera atseden hartzeko baliatu zuen, sorbaldako minez dagoelako.
Hala, Aito Garcia Reneses handiaren ikasle fin den Israel Gonzalezek beste jokalari batzuekin ia magia egin behar izan du. Joan den ostegunean, hilaren 10ean, 90-75 irabazi zieten alemaniarrek Olynpiakosi, azken laurdenean 33-24ko partziala sartu eta gero. Madolo Lo izan zen talde alemaniarreko izarra, 27 puntu, 7 asistentzia eta 5 errebote lortuta, eta ez da ahaztu behar ostiralera begira Maodo Lok ia beti bikain jokatzen duela Baskoniaren aurka. Horrez gain, Jaleen Smith eta Oscar Da Silva ere 10 puntura iritsi ziren, eta puntuak ezer badira, 24 asistentzia ez dira gutxiago; sei jokalari ezberdinen artean banatu zituzten, horietatik zazpi Maodo Lok eta beste zazpi Tamir Blatt israeldarrak.
«Bikain ari dira jokatzen azken aldian», onartu du, bestalde, Simone Fontecchio Saski Baskoniako hegalekoak. Granger eta Giedraitisekin batera, Pescarako hegalekoak Alba Berlinen jokatzea badaki eta talde alemaniarraren arriskuaz ohartarazi du. «Bere aurkariei asko kostatzen zaie Albaren aurka ongi jokatzea. Horrek elkarrekin gogor defenditzen dutela esan nahi du, eta bestetik, baloia bikain mugitzen dute. Ongi jokatzen dute eta, beraz, zaila izango da irabaztea», gaineratu du jokalari italiarrak, Barçaren aurka itxurusoen aritu zen jokalari gasteiztarra.
Asteazkenekoa atzean utzi eta aurrera egin beharko du, , bada Baskoniak. Ondorioz, bere nortasuna eta harrotasuna zein den eta arazoen gainetik aurrera egiten asmatu duen Alba Berlin gainditu beharko du talde gasteiztarrak, baldin eta bere nortasuna, harrotasuna eta garaipenerako bidea berreskuratu nahi baldin baditu.