NAIZ

Hitzak aski ez direnean, ‘hitzekin’ ekiteko garaia da, 22. Korrikarekin batera

Korrikaren 22. edizioa hasteko bi asteren faltan, ehunka herri eta auzotan Korrika Batzordeak lanean ari diren unean, Iruñean egin da lehendabiziko aurkezpen soziala, 60 gonbidatu baino gehiagorekin. Herri bat zain dagoela erran dute, ekimen honekin «maiteminduta, euskararen gogoa zabaltzeko» prest.

Korrikaren aurkezpen soziala, Nafarroako Antzerki Eskolan.
Korrikaren aurkezpen soziala, Nafarroako Antzerki Eskolan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lekuko maitatuak Amurriora bidaiatu zuen Garestik martxoaren 10ean, makina bat abenturaren lekuko izanen diren furgonetak prest daude, hasiera eta bukaera ekitaldietako egitarauak zabaltzeko gertu… Korrika hastea baino ez da falta. Covidak eragindako urtebeteko atzerapenaren ondotik, ilusio handia sumatzen da.

Ostegun honetan egin dute euskararen aldeko ekimen erraldoiaren lehenengo aurkezpen soziala, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Bigarrena Bilbon izanen da, heldu den ostegunean, martxoaren 24an.

Spotarekin hasi da ekitaldia arratsaldeko zazpietan, eta Laura Villanueva aktoreak hartu du aurkezteko ardura. Ikasle batek eta irakasle batek osatutako bikoteak hartu du lekukoa gero, eta AEKren bizidekarrean aritu dira Korrikak beste edizioetan ekarri dizkien bizipen eta sentimenduen haritik tiraka, haiek direlako AEKren hauspoa.

Kontzientzia suspertzea eta dirua biltzea

Aitziber Balantzategi artezkaritzakideak hartu du ondoren hitza, 60tik gora gonbidaturen aurrean, eta besteren artean Korrikaren bi helburuek oso presente dirautela nabarmendu du: «Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEKren eguneroko jardunerako dirua biltzea».

Ekimenaren lagun gisa joan dira erakundeetako ordezkariak (Nafarroako Gobernua eta Parlamentua, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Sakanako Mankomunitatea, hainbat udal, Euskarabidea…), jendarteko eragileak (Errigora, Peñen Federazioa, Etxerat, AHT Gelditu!…), hezkuntzakoak (Sortzen, Nafarroako Ikastolen Elkartea eta UEU, besteak beste), euskalgintzakoak (Kontseilua, Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Emun, IKA…), sindikatuak (LAB, ESK, ELA eta Steilas), alderdi politikoak (Sortu, EH Bildu, Geroa Bai…), hedabideak (GARA eta Euskalerria Irratia, besteren artean), 22. Korrikaren abestiaren sortzaileak eta Iruñerriko Korrika batzordeetako kide ugari.

Korrika Laguntzaileak 9.000 kidetik gora ditu jada

Aurtengo abestiaren bideoklipa ikusi dute, besteren artean Nerea Urbizu, Sustrai Colina eta Eymard Uberetagoenak egina. Jarraian, Asier Amondo Korrikaren arduradunak egin du bigarren hitzartzea. Gogoa eta ilusioa aipatu ditu, eta horren adibidetzat jarri du Korrika Laguntzailearen figurak 9.000 kide baino gehiagoren babesa jaso duela. 11.000 gainditzea espero dute.

Herri bat zain dagoela esan du, «Korrikarekin maiteminduta dagoen herri bat, euskararen gogoa lau haizetara zabaldu nahi duena».

Lasterka, arineketan, antxintxika... Korrika hastea baino ez da falta. Amurriotik Donostiara. Martxoaren 31tik apirilaren 10era. 2.575 kilometro eta beste hainbat herriz herri antolatzen diren Korrika Txikiak aintzat hartuta. Korrika.