Osakidetzako garbiketa-kontratetako langileek greba egingo dute apirilaren 7, 8 eta 9an, hitzarmen berriaren negoziazioaren alde eta langileen homologazioa mantentzearen alde. LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztea, «Osakidetzako garbiketa kontratak grebara goaz!» lelopean.
Grebaren berri eman dute ostegun honetan Bilboko Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean egindako kontzentrazio batean. Langile «funtsezkoak» badira, baldintza «duinak» merezi dituztela defendatu dute.
Konkretuki, Osakidetzako gainerako langileekiko homologazioa mantentzearen alde mobilizatzen dira langileak. Izan ere, salatzen dutenaren arabera, hitzarmenaren negoziazio mahaiak 40 bilera egin ostean «enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi digute».
«Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langilentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab», azaldu dute.
Bide batez, hitzarmenaren negoziazioa 2018an hasi zenetik enpresek ez dutela hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan eta «malgutasunik» gabe azaldu direla salatu dute sindikatuek. Gainera, «gelditasun» honetan Osakidetzak duen erantzukizuna azpimarratu dute, negoziazio mahaiaren blokeoa «babesten» duelakoan.
Mobilizazioak 2020tik
Sindikatuetatik gogorarazi dutenez, 2020tik ari dira mobilizatzen Osakidetzako langile azpikontratatuak EAEko hainbat ospitale eta anbulatorioetan. Aurreko abenduan Donostiako ospitalean manifestatu ziren. Hala ere, oraingoan azpimarratu dutenez, «egoerak pausu berri bat ematea exijitzen du».